Blanca Urgell
LARREPETIT

Ezkutuan denaren izenaz

2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hanketatik janzten ditugun horiei prakak edo galtzak esaten zaie aspaldi, formak forma: bragak dio Landucci «arabarrak» (1562) eta frakak Mikoleta bilbotarrak (1653). Esango nuke batuak prakak hedatu duela; halere, galtzak Araban eta Gipuzkoan hasita ekialde osoan erabilia da: Seda finozko kalzea zuen Lazarragak (ca. 1600) eta Etxeberri Sarakoak «Galtzerdia, galtzen erdia» azaldu zigun (1712).

Praka-ren aurrekaria latin braca da, nondik okzitaniera, katalan eta gaztelaniaz braga, frantsesez braie... Erromatar togadunek galoengandik ikasi omen zuten hitza ez ezik gauza ere: barbaroen gauzak, badakizu. Galtza *calcea forma berreraikiaz azaltzen da, latin calceus 'zapata' hitzetik, eta VII. mendetik erabiltzen omen dira. Calza eman du espainolez eta chausse frantsesez.

Batzuk zein besteak gizonezkoek janzten zituzten. Artean emakumeek ez omen zuten deus gonaren azpian, eroso eta higienikoa bide zen eta. Lehen kuleroak neskatoei jarri omen zitzaizkien, eta gero higienistek haziagoentzat ere gomendatu.

Harri eta zur gelditu nintzen kulero ikasi nuenean. Ez gutxiago lagunak pantaloi irakatsi zidanean. Ordutik daukat ezinegon hau: ez ote besterik? Atlas-ak (EHHA) «mantilla/capulet» badakar, baina «bragas/culotte» ez. Ains. UZEIren Sinonimoen hiztegian eta Elhuyarren azpiko galtza, barruko galtza eta kulot (Ipar.) ikasi ditut; Nola erran-ek galtzazpiko, kulota (Ipar.) eta kulero (Heg.) dakartza.

Ikus dezagun. OEH-n ez legoke kulero-rik Elexpurugatik ez balitz (bihotzaren emotikonoa), eta honetan ere «Len [Bergaran] pantaloiak esate jakuen, oiñ kuleruak» adibidea. Pantaloi hobeto lekukotu da (Arratia, Markina eta Deban), baina sekula ez 1958 arte. Azpiko galtzak (s.v. azpi) OEH-ko langile bati esker sartu da, antza. Kulot(a) ez dago, ezta galtzazpiko ere (baina galtzazpiak kantzontzilloak dira).

Ahizpak: ez gabiltza ondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.