Samara Velte.
LARREPETIT

Hibridoak

2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Joan den aste honetan lortu dute zientzialariek, lehenbiziko aldiz, gizakien zelula amak tximinoen enbrioietan txertatzea, eta haiek garatzen jarraitzea. Dirudienez, zelula horiek gaitasuna izango lukete animalien fetuetan hazteko: oraingoz, hogei egunera arte mantendu dituzte «bizirik»; ondoren, suntsitu egin dituzte, ikerketaren printzipioek hala behartuta.

Esperimentuan aritu diren zientzialariek argudiatu dutenez, proben helburua da giza zelulen garapena hobeto aztertu ahal izatea, bai haien sorreran, bai zahartzean. Arrazoi etikoengatik, badira hainbat proba ezin direnak gizakien gorputzetan egin; aldiz, izaki hibrido edo kimereo berriak sortuz gero (itxura bitxiko arrain baten izena ipini diete zelulen nahasketei), giza anatomiaren oso antzekoak diren ehunak izango lituzke eskura zientziak, azterketak egiteko edota sendagaien frogak egiteko. Lehendik ere eginak dituzte antzeko hibridatzeak bestelako animaliekin, baina orain arte ez zuten sekula pertsonengandik hain hurbil dagoen espezie bat erabili.

Esperimentuak, bistan da, eztabaida etiko eta imajinatibo biziak piztu ditu. Enbrioiak hogei egunez bizirik mantentzea lortu badute, lortuko ote lukete, adibidez, tximino baten gorputzean txertatu eta erdi tximu, erdi gizaki den izaki hibrido bat munduratzea?

Prozesu horiei esker transplanteen merkatua zabal litekeela ere argudiatu dute batzuek, organo bateragarri gehiago leudekeelako eskura; helburu horrekin bizidunak sortzea etikoa ote den kuestionatu dute besteek. Eta osasun zientziez gutxitxo dakigunok zientzia fikziora egin dugu salto: agian, gaur egungo zaharrak titaniozko aldakekin eta burdinazko belaunekin ibiltzen diren moduan, gu ere biziko ote gara etorkizunean erdi-tximu baten giltzurrunarekin edota erdi-ardi baten bihotzarekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.