Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Iragana paper batean dago

2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Slavoj Zizek filosofoari irakurri diot bizi garen egoera honetan ezinbestekoa dela kolapso mentala etor ez dadin edozein bide hautatzea, baita tentelena ere. Filosofo esloveniarrak aitortzen du bera islandiar thrillerrak ikusten ari dela. Ni ere gauza txatxuak egiten ari naiz; tartean, garbiketa lanak eta horoskopoa irakurri. Lehengoan, tiradera zaharreko paperei ekin baino lehen irakurri nuen zodiakoan egokitu zaidan zeinuak zekarrena. Antza denez, planeta saltsa ederra dago nirean eta erabateko aldaketa datorkit, eraldaketa. Barre egin nuen eta gero garbiketari eman nion. Dena botatzekoa nintzen, baina tolestuta zegoen paper horixkan gelditu nintzen. Pasatzen zait nagia ematen didaten gauzekin, edozerk desbidera nazakeela. Koaderno batetik apurtutako orria zen, bitan tolestua. Ez nuen letra ezagutu, baina mezuaren sinadurak nire izena zeraman. Hamahiru urte nituela etxe alboan bizi zen mutil bati idatzitako mezua da. Ez dakit zergatik dagoen nire tiradera zaharrean; nonbait, sekula ez nion eman. Denboraren joanak gauza askotarako balio du, besteak beste, zu zinen ezezaguna ezagutzeko. Behin eta berriro irakurtzen dut mezua eta ez dut neure burua ikusten, edo agian bai, agian hor urrunean, oroimenaren apalen batean. Gogoan dut mutila, gure inguruan sekula gurekin nahastu barik jolasten zen lagun taldekoa zen. Gure adina izango zuten, ziurrenen. Gurasoen telefonoa ere ageri da, zazpi zenbakikoa zen sasoikoa. Gazteleraz idatzita dago oharra; artean ez ziren euskaldunak. Eta zati bat falta zaio oharrari. Nire buruak iraganetik bidali didan mezua ote? Agian zodiako-irakurketa orduko hari dagokio, eta ordukoari ari zaio esaten erabateko aldaketa datorkiola. Denbora ez dela existitzen ondorioztatu dute egunotan ikusten ari naizen telesailean. Jauzi egin dezakete aurrera eta atzera, baina zer den beldurra, atzera baino ez dute egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.