Ze pereza, hainbeste instituzio. Herritik sortu da Euskaraldia, herritarrak izan dira kanpaina osoaren bultzatzaile eta aurpegi, auzoz auzo antolatu dituzte batzarrak, eta aukera izan du ekarpena egin nahi zuen orok. Instituzioen apropiazioa salatzen dugu, nola eta ekimena bera zigortuz. Zenbateraino saihesten ahal da apropiazioa, halakorik izan bada? Ez al da esperatzekoa instituzioek kudeatutako medioetan instituzio horiek agertzea mezuaren erabilera politikoa egiteko? Hauteskunde kanpaina zer den ahaztu ote zaigu? Halakorik esperatzekoa delako ez zaie inplikazioa eskatuko? Baliabiderik jartzen ez dutelako kexu gara, eta baliabideak jartzen dituztelarik ere kexu gara, haien motibazio ezkutua deskubritu dugulako.
Ze nekea, beti txapa soinean. Nekez bilatuko zuten formula errazagorik. Bi figura, rol, aukera. Eztabaida piztu dute, gainera, zer gehiago eskatuko zaio halako dinamika aitzindari bati. Esperientziaren kontzientzia izan gabe nahi dugu gehiengo bat mugiarazi; gogora etorri zait Erractus emanaldiko kideek botatzen zuten inposiblea: «Plazerez hil nahi duzu odolez zikindu gabe».
Ze errazkeria, soilik hamaika egun. Gutxiespen alimalekoa. Ez du inork baieztatuko, ez antolatzailek ez listok, hizkuntza ohiturak aldatzeko aski dela hamaika egunekin. Eta hala ere, Euskal Herri osoko 400 udalerritan 220.000 pertsonak heldu diogu amuari, modu kolektiboan konpromiso indibidualak hartu eta nola babesa hala asimetria ikusgarri egiteko. Norbanakoaren autonomia garatzen laguntzeaz gain, euskararen erabilera aktibo zein pasiboa normalizatu nahi da. Ezin baita hamaikagarren egunean bukatu, ezin denez lehen urratsetik hamaikagarrenera zuzenean egin.
Hirurak irakurri-entzun ditut Euskaraldiaren bueltan. Pereza izugarria sentitu dut halakoetan, euskaraz mintzatzeagatik aldiro justifikatu beharrak bezainbeste nekatzen nautelako marmarti konpultsiboek, kritika deslegitimatzailea beti baitator beste deus baino errazago. Halakoetan, erantzuna argi.
LARREPETIT
Mimimimimi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu