George Floyden heriotzak AEB Ameriketako Estatu Batuetako Poliziaren arrazakeria jarri du berriro mahai gainean. Iragan astelehenean, iparraldeko Minneapolis hiriko Poliziak Floyd atxilotu zuen, ustez saltoki batean hogei dolarreko billete faltsu bat erabiltzeagatik; salaketa jaso, eta auto baten barruan «drogatuta» zegoela jakinarazi zieten, Poliziaren bozeramaileak herenegun azaldu zuenez. Autotik atera, lurrean etzan, eskuburdinak ipini, eta polizietako batek belauna jarri zion lepoan zazpi minutuz. Asteon zabalduriko bideo batean ikusi eta entzun daitekeenez, Floydek behin baino gehiagotan esaten du ezin duela arnasa hartu; poliziak, ordea, ez zuen aldatu jokabidea, eta, azkenean, Floydek konortea galdu zuen. Poliziaren bertsioak dio nabaritu zutela «zailtasun medikoak» zituela eta anbulantzia bati deitu ziotela. Ospitalean hil zen.
[YouTube]https://youtu.be/LyXuQ9TyviA[/YouTube]
Floyden hilketa gertutik ikusi zuten inguruan zeuden lekukoek, eta sare sozialetan zabaldu diren bideoen gertutasuna izugarria da. «Mesedez, mesedez, ezin du arnasa hartu. Mesedez», entzuten da argi eta garbi, baina poliziek ez dute jarrera aldatzen. Hil aurretik, lepoan eta gorputz guztian mina duela ere esaten du Floydek, eta ura eskatzen du; gainera, bideoan emakume batek esaten du sudurrean odola duela.
Beste gizon bat poliziari mintzatzen zaio, eta esaten dio ez diola arnasa hartzen uzten eta altxatzeko lurretik. Ondoan beste polizia bat dago zutik, jendea ez dadila hurbildu zaintzen, eta horri ere esaten diote: «Gozatzen ari zara».
Lekukoek poliziei leporatzen diete Floyd ez dela haiei aurre egiten ari, eta eskatzen diete polizia autoan sar zezaketela denbora horretan arazorik gabe. Beste lekuko batek pultsua hartzeko eskatzen die poliziei, eta halako batean hau esaten du: «Orain ez du erantzuten, ez da mugitzen».
Prostetak eta talkak
Herenegun jendetza bildu zen Minneapolisen, Floyd hil zen lekuan, eta inguruan dagoen Polizia etxe batean amaitu zuten protesta. Istiluak izan ziren, eta poliziek negar gasa bota zuten, The Star Tribune egunkariaren arabera.
Floyden heriotzak alderik alde astindu ditu AEBak, eta gogora ekarri du 2014an gertatu zen beste kasu bat, Eric Garnerrena. Orduko horretan, atxilotuak, afro-amerikarra hori ere, 11 aldiz errepikatu zion poliziari ezin zuela arnasa hartu. Hura ere hil zuten.
Jacob Frey Minneapolisko alkateak jakinarazi zuen kaleratu egin dituztela Floyden hilketan nahastuta dauden lau poliziak, tartean belauna lepoan jarrita ito zuena. «AEBetan afro-amerikarra izatea ezin da heriotza zigor bat izan. Bost minutuz ikusten dugu nola estutzen dion lepoa polizia zuri batek gizon beltz bati», adierazi zuen Freyk.
Protesta horietan Poliziak izan zuen jarrera dela eta, Ilhan Omar Minneapolisko kongresukidea —demokrata— oso kritiko agertu zen, eta poliziei eskatu zien «jarrera moderatua» izateko: «Ez genuke toleratu beharko armarik ez duten manifestariei gomazko pilotak eta negarra eragiteko gasa botatzea, are gehiago haurrak tartean daudenean».
FBI eta Minnesota estatua hilketa ikertzen hasi dira, horrekin zerikusia izan duten lau poliziek eskubide zibilak urratu zituzten argitzeko.
Ahmaud Arbery afro-amerikarraren hilketak ere oihartzun handia izan du asteon, eta Justizia Departamentua gertaturikoa gorroto delitu gisa ikertzen ari da. Gregory McMichael polizia ohiak eta Travis haren semeak tiro egin zioten Georgiako Brunswick auzoan, hura korrika egiten ari zen bitartean; hasieran, agintariek ez zioten jaramonik egin kasuari, baina nazioartean zabaldu den erasoaren bideoak asaldura eragin du herritarren artean, eta horren harira hasi dute ikerketa.
AEBak astindu ditu polizia zuri batek afro-amerikar bat hiltzeraino itotzeak
Minneapolisko Poliziak George Floyd hil du asteon, atxilotu ostean lurrean belauna lepoan jarrita, zazpi minutuz. Lau polizia kaleratu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu