Nire aitonak eskopeta fabrika bat zeukan Elgoibarren, eta aitak dio ohikoa zela etxean karabina eta eskopetak izatea. Istripua gertatu zen egunera arte. Nire osaba batek tiro egin zion karabinarekin nire beste osaba bati, indio eta bakeroetara jolasten, deskargatuta zegoelakoan; bekainean sartu zitzaion berunezko perdigoia eta susto odoltsu bat baino ez zen izan, soilik eta zorionez.
Hego-haizeak tiro hotsa dakar herrira udazkenean. Ez daukat ehiztari asko inguruan, baina ezagutzen ditut batzuk; eta zeruari begira egoten dira egunotan, irribarrea ahoan eta eskuak anbizioz igurtziz. Gizonezkoak dira denak, noski. Bai, badakit emakume ehiztariak ere badirela, baina asteburuetan errepidean emakume txirrindulariak ere badabiltzala esatea bezala da; lastategian orratzaren bila ibiltzea nola. Pasa den igandean belatz handi bat aurkitu zuten tiroz zaurituta Jaizkibelen. Pentsatu nahi dut hori egin zuen ehiztariak beste hegazti bat zuela helburu, baina nire zalantzak ditut. Ez litzateke lehen aldia izango goiz txar bat izan duen ehiztari batek parean jartzen zaion edozein animalia akabatzen duena; hil-plazeraren beharrarengatik ez bada, zergatik egiten dute tiro? Ez dut ulertzen heriotza afizio izendatzea, ez dut ulertzen heriotza legalizatua eta arautua egotea, hegazti hau bai eta hori ez, hemen bai eta han ez, basoko animalia hau bai, hura batzuetan. Nor uste dugu garela?
Arma bat beti da arma bat, eta bizidun bat beti da bizitzeko eskubidea duen norbait, izan animalia edo gizaki. Agian irrist egingo dut ondorengoa esaten, baina hau idazten ari naizela ezin dut burutik kendu ehizan gizonezkoak dabiltzan bezala gerrak sortzen eta gauzatzen ere gizonezkoak dabiltzala. Eta pentsatzen dut, seguru dakit, munduko potentzia handienak emakumezkoen gidaritzapean egongo balira, aspaldi konpondu genituela gauzak beste modu batera, eta ez litzatekeela tiro hotsik egongo urriko hego-haizetan.
LARREPETIT
(H)ego, tiro, pum!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu