Samara Velte.
LARREPETIT

Erorita

2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gertatu behar zuen: erraldoirik indartsuena ere, likidoa eta malgua izan arren, jausten da noizbait. Antza, Facebookeko langile batek akats handi samar bat egin zuen astelehenean, eta mundu guztian erori ziren Facebook, Instagram eta WhatsApp. Lanean astelehen txepela duzuenero, gogoratu zaitezte berekin.

Sei orduz, erabiltzaile askok sare alternatiboetara jo zuten, haiek ere kolapsatzeraino: Netflix, Telegram eta (itxaropenik baldin badago) Tinder. Beste batzuek bizimodu analogikoarekin konformatu behar izan zuten, eta gure belaunaldiari nagi gehien ematen diona egin: telefonoa hartu, baina deitzeko. «Ama, WhatsAppa ez dabil, ez saiatu» izango zen, seguruenik, munduko deien %85en edukia.

Sei orduz, egiten genuena modu erabat pribatuan egin behar izan genuen: elkarrekin hitz egin miresmen adierazpen exajeraturik gabe; etxeko jolasen armairua zabaldu #FamilyTime traolarekin story-rik igo gabe, eta liburu bat hartu azalari lehenago argazki bat atera gabe. Gau ikusgarri baten Atsegin dut guztiak galduta.

Txantxa dirudi, lehen munduko arazoak; baina askok urduritasuna eta antsietatea sentitu zituzten, jonkien antzera: daukazunean ez duzu etengabe kontsumitu behar, baina falta zaizunean urduritzen zara. Eta bakardadea: sare sozialik gabe, bakarrik gaudela ohartzen gara.

Aste berean, Facebooken hainbat trapu atera ditu argitara Frances Haugan gerente ohiak: besteak beste, enpresak bazekiela bere sareak «toxikoak» zirela nerabeen buruko osasunarentzat, autoestimu falta, tristura eta elikadura arazoak areagotzen zituztelako. Inor ez dagoelako gaizki Instagramen: denak dauka bere alde eguzkitsua, bere distira filtroa. Bizitzak, ordea, ez dauka filtrorik: batzuetan zatarra da eta ez dago edertzeko modurik. Akaso, errealitate horretara itzuli nahi ez dugulako eragin ote zigun erorialdiak antsietatea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.