Iritsi egin dira. Ikasturtea bukatu berri dugu, dagoeneko opor luzeen atarian nago, eta, hala ere, oraingo sentsazioa ez da batere gozoa. Ikasturteko azken klaustroa izan dugu, eta bilera ez da atsegina izan. Hezkuntza Departamentuko buru baten bisita jaso dugu Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean, eta nagusiaren mintzaldi labur eta trakets samarrak —trakeskeria maila gainditu dut neronek geroko parte hartzean— zalantza batzuk argitu dizkigu. Saiatu naiz mezuaren ideia nagusiak biltzen: goi kargudun baten ahotik jaso ditugunez gero, pentsatzekoa da hitzek argia ikusten lagunduko digutela.
Hasteko, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak pertsonekin egiten duela lan adierazi digu itsasargiak. Albaitaritzan lizentziatua naizen aldetik, zinez eskertzen diot puntu hori argitu izana, erabiltzen ez dudan titulazio horrek sinesgarritasuna galduko zukeelako urte hauetan guzietan —11 dira dagoeneko— ohartu gabe kanguruen artean lan egin izan banu. Mila esker. Gero, enpresaburuaren diskurtsoa erabilita, «denon artean» lana ongi bete dugula jakinarazi digu, ezarritako epeak betetzeaz gain, titulazio andana banatu dugulako; bost axola zer egiaztatu dugun eta nola. Tituluak eta tituluak, kantitatea kalitateari gailendu zaio. Ez dezagun ahantz titulazioak euskara eta euskaraz —gure kasuan— irakastea ahalbidetzen duela, eta, hortaz, jasotzen dutenek beste batzuen eredu izateko aukera izanen dutela. Zirrara berezia sentitu dut gutariko askoren izenak ezagutzen dituela abisatu digunean, ez dakit zergatik. Agian behin-behinekoa naizelako. Ondoren, Rajoyren prentsaurrekoen antzera, galde-erantzunetarako tarterik eman gabe, gizona joan da. Guri hitz egitera etorri da, ez gurekin.
Aurreko hori da esandakoa, baina adierazgarriagoa da aipatu gabe gelditu dena. Ez du ezarri dizkiguten murrizketei buruzko deus ere esan, hitzik ez langabezian geldituko diren lankideez. Pertsonekin egiten omen du lan; azken klaustroa izanen da pertsona horietako batzuendako, tarte luzean.
LARREPETIT
Azken klaustroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu