Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ligatzea esaten diote

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Distopietarako garairik okerrenak dira, ziurrenen. Berehala jabetzen zara gidoilariek egindako prospekzioak baino okerragoa izan litekeela. Beti dago, baina, itxaropenari eusteko ezagutzen duzun jendea, eta kontrakoa ere bai. Ligatzeko app batean ezagutu zuen lagun batek gizon bat. Kilometro batera bizi zen, eta lagunak, berehala bertaratzen bazen, bere etxe alboko tabernan garagardoa ordainduko ziola esan zion. Ziztu bizian agertu zen gizon baldar bat garagardora. Nire lagunak hitz gutxi egin zuen. Besteak: hau, hura eta bestea; han, hemen eta harago. Euskara diru laguntzari esker irauten duen sasi-hizkuntza artifiziala dela esaterakoan erantzun zion soilik. Ez zela egia, bera irakasle eta filologo zela eta oker zebilela. «Zu zer zara, emakume azkar usteko bat?». Eskailera mekanikoen kontra hasi zen gero. Ea zergatik ordaindu behar zituen berak kale aldapatsuetako eskailera horiek. Nire lagunarenganako interes zipitzik agertzen ez zuenez, horrek alde egiteko erabakia hartu zuen. Orduan hasi zitzaion galdezka. Ea zer gustatzen zitzaion, eta abar. Gizon baldarrari begi onetik sartu ei zitzaion eta orduan hasi zen interesgarriena. 300 bat emakumerekin egin zuela txortan esan zion. Bazekiela kaskailua zela, baina app hauek gizonen txorta-toki bikainak zirela. Emakume oro Pretty Woman-en ipuina eskuratzera zihoazela, baina horrelakorik ez zegoela jabetzerakoan konformatzen zirela sexuarekin. «Gure eme-kala da hau». Aguretu arte eutsiko dio, orduan bai, orduan emakumeetako bat hautatuko du zahartzaroa zaindu diezaion, eta berak, trukean, eme-kalatik aterako du. To eta no.

Hain zaila da gure kontsumo mundu hau, non egun batean burger merke-bizkor bat jaten duzun, eta bestean, gizaki bat. Eskerrak joan den igandean mundua amaitu zuela eguzki eklipseak, eta, lerrook irakurtzen ari zaren une honetantxe, mundu berria daukagu esku artean. Ea aurrekoa hobesten dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.