Samara Velte.
LARREPETIT

Soslaiak

2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gaur ere albistegia ipini du, kasik erreflexu baten modura. Batzuetan zalantza egiten du, zergatik pizten ote duen; afalordu bat baino gehiago ozpindu dizkio pantailak, plateraz bestaldera bikotekidearen begirada errearekin topo egiteraino. Orduan ohartzen da telebistari builaka hasi dela (baina entzun, parekoak entzuten diola).

Aste honetan AEBetako protesta antirrazistak dira gai nagusi. Poztu da, nazioarteko albisteak nahi baino gutxiago ikusten dituelako telebista erregionalean. Poliziaren indarkeriaz mintzo dira New Yorketik, beltzen aurkako herra orokortuaz. Taxuzko dokumentazio lana egin duen kazetaria egokitzen bada, agian, testuinguru sozioekonomikoan ere jarriko dute arreta, bazterketaren faktoreak zerrendatzerakoan.

Eta, jarraian, tokiko kronika: Jaurlaritzaren prentsaurreko bat gazteen delituei buruz. Egileen «soslaiari» buruz mintzo da pantailakoa: «Nagusiki Euskadin jaiotako gizonezkoa, jatorria beste nonbait duen familiarekin bizi dena». Beretzako aski arreta eduki ez duen familia bat —agian lanpetuegi zeudelako ogibide prekarioekin bizimodua ateratzen? Arrazoi posibleen zantzurik ez albistean—, drogak kontsumitzen dituena eta deskontrolatua; ondorioz, maiz hezkuntza ibilbidetik behar baino lehenago ateratakoa.

Deskribapen horrekin, mundu guztiak, buruan, pertsona bera irudikatu du ziurrenik.

Erraza da, nonbait, arrazakeriaz hitz egitea, haren aurpegia Minnesotako polizia batena denean; ez hainbeste, antza, migratzaileei buruzko irudi eta estereotipoak ustezko «soslai» sasizientifiko edo estatistikoen bidez ere gure artean zabaltzen eta errotzen direla ohartzea, edo, areago, delituak egitearen arrazoiak jendearen testuinguru pertsonalean bilatuz, migrazio-prozesu gehienek dakartzaten zailtasun sozioekonomikoak aintzat hartu ere egin gabe.

Gaur ere bakarrik afaltzen bukatu du, bere purrustadek bikotekidea aspaldi nazkatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.