Ostegunetan izaten da. Lo kuluxkatik esnatu berritan, Antsoainen autoan sartu eta 40 kilometro inguru beteta Sakanako herrixka batean aterako naiz. Iristen naizenerako I., J. eta SEIko kideak izanen ditut zain seguruenik, eta udal plazan bildu ondoren elkarrekin abiatuko gara haien bila. Beraiek etorri behar lukete gugana, baina meriendatzeko garaia izanen da eta, gainera, salbuespenak salbuespen, puntualtasuna ez da beren ezaugarri nagusia. Aurreko asteetan bezala, urduri samar egonen naiz hasieran: betidanik esan izan dut ez nuela inola ere nerabeekin lan eginen, eta, hara non, orain 15-17 urteko gazteekin ematen ditut boluntario ostegun arratsaldeak. Harrapazank. Beharrik I., J. eta SEIko kideak ondoan izanen ditudan.
Noizbait iritsiko dira udaletxeko gelara, Nafarroako herri txiki honetara iritsi ziren bezala, kostata. Aurreko batean beren ibilbideaz aritu ginen. Ez ziguten datu handirik eman, akaso hizkuntza bera menperatzen ez dugulakoz, agian bidearen estutasunak gogotik uxatu nahian, baina pistaren bat eman ziguten. Esaterako, familia etxean utzita, Jh. Ghanatik irten zen Libiara; handik Aljeriara bidaiatu zuen Marokorako bidean eta txalupa ziztrin batean iritsi zen Penintsulako Mediterraneo aldeko kostaldera. 16 urte ditu. Mekanikari aritu nahi du. On puska da. Jh-k, N-k, A-k, Z-k eta gainerako mutilek —gurekin dauden guziak mutilak baitira. Esan digute neskek ere zeharkatzen dutela muga, baina oso gutxi iristen omen dira honaino. Auskalo non, nola eta zertan gelditzen diren bidean— inizialez gain, badute izena, eta badituzte nahiak, itxaropena eta beharrak; zain daude gobernuko norbaitek horietaz guziez galdetzen dien. Dagoeneko badakite europar batzuek ez dutela beraiek hemen izatea nahi. Europa inguratzen duen arraila gainditzea lortu dute neke handiz, baina batzuetan ematen du muga barrukoak zailagoak izanen direla zeharkatzen.
LARREPETIT
Arrailak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu