Azken boladetan Ainhoa Arteta kantariak bere espainiartasuna erakutsi beharra sentitzen du. Azkenengoz Madrilen euskarari buruz bota ditu. Batua ez du maite, ez du ulertzen ez delako umetan egiten zuen euskara goxua, ergelkeriarik gabekoa (sic). Zein errazkeriarekin hitz egiten den bitrinan edota haurtzaroko oroimen samurretan gordeta duten hautseztutako trofeoaz. Esan zituenen artean beste bat dago modu errepikarian itzuli-mitzulia egiten duena, edo, zehatzago esanda, ekartzen dutena: euskara espainiar denona da. Hitzez hitz hartuz gero aise harrapatuko duzu mezua: euskara zurea bezain Enrique Maia, Maite Esporrin edota Bertin Osbornerena da. Horrelakoak entzunda niri beti burura datozkit 68ko hippyak kalamua zigarretak erre osteko laino artean maitasuna barreiatzen eta ontasunaren aldeko aldarriak egiten. Benetan denona al da? Ez dakit hizkuntza bat norbaitena izan ote litekeen, nik kontrakoa esango nuke, baina jabegotzarena bazter utzita, ez dut uste euskara: mespretxatu, gorrotatu, ostikopetu edota gutxietsi dutenena denik; bere existentziaren berririk ez dutenena ere ba ote? Horrelakoak esaten dituztenek, normalean, desafekzio hori justifikazioz janzteko zelanbaiteko beharra dute, unibertsaltzeko. Harritzen naute oraindik ere hain ezdeustzat duten hizkuntzari eskaintzen dioten denborak, ematen dizkien buruhausteek, sakonki duten herrak. Nik ez dut uste euskara denona denik, izan litekeela denona, bai; baina ez da denona.
Edozelan ere, euskarekiko erdeinuak bizi dituenei eskertuko nizkieke originaltasuna eta umorea. Zer dakit nik, esan lezakete asteroide batek ekarritakoa dela euskara, edota, Galileoren laborategian sortutako mutazio baten ondorio dela, edota neanderthalek zerabilten protohizkera dela; uler iezadazu, beti-betikoaren naftalinapean dagoen destainarik ez duen zerbait. Enfin, batzuetan iruditzen zait kirtenkeriak ere oinordetzan uzten direla.
LARREPETIT
Norena da euskara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu