Hezkuntza giza eskubide bat da, horra albistea. Haren inguruan, merkatu oso bat eraikia da; ikuspegi horri traba egiten diote maila sozioekonomiko apaleko ikasleek. Benetton rules, jantzi berriekin eta pasatu gabe. Mota bakarra izan ez arren, azken urteotan areagotzen ari den segregazioa horixe baita. Eusko Jaurlaritzak grafikoz beteriko txosten mardula egin du gaiari buruz, erakusten duena publiko/itunpeko dikotomian datzala arrakalaren ardatz nagusia. Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak salatu du txostena aski zehaztugabea dela, hizkera eufemistikoa darabilela eta ez duela finantzaketa sistema zalantzan jartzen.
Esaten zaigu etxebizitza kontzentrazioa izan daitekeela eskola segregazioaren arrazoietako bat: zenbat eta jatorri atzerritarreko biztanle gehiago auzoan, orduan eta eskola segregazioa handiagoa. Hiri antolamendua birpentsatzea ez dago inoiz sobera, eta, hala ere, datuek ez dute horrekin bat egiten. Gasteizen eta ez da salbuespen, auzo guztietan daude eskola segregatuak; aldiz, ez da auzorik biztanleen %20 baino gehiago jatorri atzerritarra duenik, eta auzo guztietan badira ikastetxeak ehuneko hori gainditzen duen segregazioarekin.
Neurri ausartak behar dira, eta geure buruari ere begiratu. Aldarri feministekin alderaketa eginez, hordagoa bota du Amelia Barquinek: «Klase ertaineko zurien kontzentrazio eskolarretan ere, noraino gaude prest gure pribilegioak errebisatzeko?». Elkarbizitza ez baita lortzen ghettoak sortzen, ez Hazparnetik migratzaileak kanporatzen, ez pobrezia estigmatizatzen. Biolentziari buruz ari dela, Hannah Arendtek dio arrazismoa sistema ideologiko esplizitu oso bat dela, ez aurreiritzi hutsa. Eta, hala ere, aurreiritziek jokabide bat edo beste hartzera garamatzate, horiei emozioak lotzen dizkiegun unetik. Igandean, 1.300 herritarrek baino gehiagok parte hartu genuen Bizilagunak egitasmoan, Araban. Bazkaldu, elkar ezagutu; bide bat da, herria hezteko asmoz, hori ere. Biharko kohesio sozialaz ari gara.
LARREPETIT
Heztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu