Txikitan handia izaten zen lehenengo gereziak, lehenengo melokotoiak heltzen zirenean. Handia izaten zen, halaber, hozkailua zabaldu eta laranjez eta sagarrez beterik aurkitzea, ezustean.
Orain non-nahiko eta noiznahiko fruituak izaten ditugu eskura, baina ni hasi naiz noizkoak diren begiratzen: sasoikoak direnetz. Eta galderak galdera ekarri du: euskal testu corpusaren saskira noiz sartu dira euren izenak?
Lehenengoak Bibliako fruituak dira, nola ez: sagar, mahats eta pikua. Ibarguen-Cachopin kronikan (XVI. amaierakoa) Madaria eta Muxika, frutu on bi dira esaera daukagu, eta kronikari atxikitako hiztegian udare ere bai. Gerezia, oraindik ere jatorrizko -a eta guzti (lat. ceresia), Pouvreau itzultzaileak erabili zuen lehenik (1664). Gehiago behar izan zuen mizpira-k, Barrutia aramaioarrak mispil ustelak aipatu arte (c. 1715), eta areago Bilintxek Juanatxori eskainitako metaforakoek: marrubi bat mila masustaren erdiyan.
Melokotoi, albertxiko eta irasagarra aldaera bitxienak bide dituzte: milekota eta melakatoi, batean; besteetan, herri-etimologiak ugari: alberretxiko eta arbeletxeko ederrak, idisagar, ilarsagar, ilesagar eta iransagar ez txarrak.
Larenjeak Voltoirek aipaturik (c. 1620), Joseba Altunak urresagar dio Wilden ipuinak itzultzerakoan (1927), eta haren ondotik Orixek-eta. Bestalde, Voltoire berak limoniak dakarren arren, Atarratze jauregian doratu ziren zitroinak (fr. citron) bidaiari izan, eta Iztuetak zidroin dakar (1847), eta Arestik zitroi (1961). Azkuek Izaban entzuna omen da mugurdi, eta angurri Larramendik meloi geza esanahiaz bildua, auskalo zein herri edo baserritatik.
Fruta arrotzak nork ekarriko, eta atzerriratuek: Juan Antonio Irazustak papaia, txirimoia, aguakate eta kokoa Argentinatik (1950); Jean Elissalde Zerbitzari-k mangoa Mexikotik (1925).
Mazedonia ederra honezkero, kiwiak oraindino falta baditugu ere.
LARREPETIT
Mazedonia euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu