Blanca Urgell
LARREPETIT

Irulegiko trolak

2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Azalak kabitu ezinik nago, Irulegiko eskuak ekarri digun pozaz eta jakin-min berriez gainezka. Garai hartako idazkera eta hizkuntzetan adituak hagitz garbiak izan dira: eskuko idazkuneko hizkuntza hori ez da zeltiberiera, ez da hizkuntza indoeuropar bat: berehala egiaztatzen da hori. Ez dirudi iberiera denik. Baditu berezitasun batzuk, baskoien txanponetan aurkitutakoekin bat datozenak, besteak beste. Baskoien lurraldearen bihotzean agertu da. Beraz, hipotesi bezala, baskoien hizkuntzaren lehen testua aurkitu dugula ematen du.

Akitaniera bezalatsu, baskoiera —horrela deitu diogu eskoletan Irulegi baino lehen— izen berezi gutxitan baino ez zegoen lekukotua (Selatse, Loxae, Belteson, Serhuhor, Onse, Onso, Sesenco, Arbiscar, Bennabels...), iturri klasikoek gorde zituzten leku-izen oro har ilunez gain. Besterik ezean jainko eta pertsona-izen haiek asko esan digute euskararen arbasotzat dugun orduko hizkuntza haren (edo haien) balizko hotsez, eta haren gramatikaz pixka bat, baina hizkuntza hartan idatzitako testu oso bat izateak zeharo aldatu du egoera, nahiz aukeran txikia eta ulergaitza izan. Sekulako aldea dago.

Adituek esan dutenez, baskoiek signario edo idazkera berezi hori ez zuten asmatuko «lau kontu esateko», nondik eratortzen zen alfabetatuak zirela, eliteak bederen (eta testu gehiago dagokeela: Jainkoak ailiotsa liren asko). Hizkuntzaren aldetik sorioneku berehala egin da ospetsu, ez merezimendurik gabe, baina -eku horretatik hasita badago galtzak bete lan dakienarentzat.

Etxean ere izan genuen hizpide bart. Senarra prest agertu zen lepotik eskegitzeko moduko Irulegiko eskuak lantzeko. Ekarpen polita liteke gure etxean inflazioari aurre egiteko: tailerra faltan, baina. Aldiz, semeak bere buruari galdetu zion ez ote den troleo bat izango: «Zer, ama, garai haietan ere trolak egongo ziren, ezta?». Bakoitza bere zoroak bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.