Batzuetan, besteei entzundakoak dira norberaren lilurak. Nik, adibidez, ez dut sekula herririk izan. Pueblo, esan nahi dut, demagun Gaztela sakoneko edo Extremadura aldeko familiaren jatorriko herria, bere berotan aterpe, hala ere, udarako oporraldian. Ez dut sekula izan, eta, hala ere —edo agian horregatik?—, uda idiliko baterako plazatzat irudikatu dut beti. Mahats-parra baten azpian irakurri, errekara bainatzera joan, tomate entsalada prestatu, siesta egin leiho guztiak zabalik, eta iluntzean, beroak su-etena deklaratzean, etxe parera aulkiak atera, eta kontu kontari aritu, nekea gailendu arte.
Nik ez dut sekula pueblo izan, baina izan nezakeen. Zamoratik etorri zen aitona, baina herririk ez zuen gorde han. Inoiz ez zion utzi PSOE bozkatzeari, baina mimo handiz inprimatzen zituen Zeruko Argia-k bere linotipista garaian. Hanka bat han eta bestea hemen. Eta badakit ez dela kasu bakana: asko dira Espainiatik etorri eta seme-alaba eta biloba euskaldunak utzi zituztenak. Ongi legoke jakitea Espainia barnealdeko zenbat herritan entzungo den euskara aurtengo udan.
Horri buruz pentsatu dut sanferminetako barraketatik bueltan. Arrazializatutako familiek beteta topatu dugu feria. Ez da toki merkeena —are, dirua xahutzeko makina perfektua da inguru hau—, eta hala ere, hemen kointziditu dugu orain arte festetan elkar batu gabekook. Ez dira askoz gehiago partekatzen ditugun espazioak. Orain ere badira etorkinak, eta oraingoek ere badute herria, baina urrutiegi dago udaro bisitatzeko.
Iberiar penintsulako tenperaturen mapa beldurgarri bati begira gaudela —Kantauriko kosta berde kolorez, gainerako dena latz gorri—, laster penintsula hegoaldetik migrazio olde berri bat iritsiko zaigula esan dit lagun minak. Pueblo berriak sortuko ote diren pentsatzen gelditu naiz, gai izango ote garen datozenei non dauden erakusteko, lehengoekin izan ginen bezala, oraingoekin, tamalez, ez garen bezala.

LARREPETIT
'Pueblo'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu