Euriak zoruaren gainean egiten duen soinua maite dut. Gustatzen zait neure baitara batzea liburu batekin. Beharbada izango da hilabeteak eman ditugulako euri barik, baina jauzika eman ditut azken boladatako irakurketak. Bizkor eta presaz beti. Landura falta zen; dagoeneko, baina, bada hemen. Zein ondo idazten duen kabroi honek, zer ondo dakien zelan sartu eskua zain artean eta zelan dakien bihotza eskuetan hartu eta nahi duena senti dezazun. Horixe pentsatu nuen liburuaren erdian. Aitor dut itxialdi garaia ahanzturaren lurralderen batean utzi dudala. Akorduan ditut bizi izandakoak, baina ordukoek eragindako sentsazioak barruko hor nonbaiten daude. Euria sentitzen berrikasi behar baduzu J.L. Otamendiren azken lanera jo behar duzu. Flysch-en tolestura artekoak begi aurrean jartzen dizkizu poemarik poema. Hor daude kode emozionalak, beldur zimikoak. Atzeraka irakur ditzakezu poemak, zeharka, begiak ñarrotuz edo nahi duzun gisara. Zer inporta du zelan irakurri?
Eta hor kanpoan terraza mela-mela dagoela gogoratzen dit euriak. Orri-pleguz josita dago liburua eta pentsatu dut ez ote den komenigarria izango post-it batzuk erostea eta horiekin markatzea gustatzen zaizkidan poemak, poema zatiak eta berba berriak. Hartara, liburua amaitzerakoan erabili izan ez balitz bezala geratuko litzateke. Gero baztertu egin dut, eta, lokartzear nintzela, kafe kikara liburuaren gainean utzi dut. Itzartzerakoan jabetu naiz kafeak ere hondarra utzi duela azalean. Mikrouhina dauka idazleak eta ilarrak patatekin jaten ditu. Hitzak azpimarratu ditut: poxi, landura, uxarrean ibili,hitzen azpildurak, onkeria,andel... Nik ere uste dut kiromantzia sartu behar dela kirol olinpikoetan, eta, halako batean, denborak zotin egiten zuen sasoietara joan zait burua. Poesia irakurraldiak kitzikaturik izkiriatzen ditut nik ere gauzak, berbak, ideiak, zirriborroak. Zer (des)eraikiko dute guk bizi izandako egunen gainean?
LARREPETIT
Euriarekin irakurtzekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu