Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bakardadeaz

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bakardadeaz berba egiteko mahai-inguru batera gonbidatu naute. Beti iruditu izan zait nahikoa garrantzirik ematen ez zaiola bakardadeari, eta deigarria egin zait horrelako zerbait antolatzea. Gure bizitzetako konstante bat dela uste dut; garaiotan, baina, areagotu da. Ez bakarrik pandemiagatik edo derrigorrezko etxeratzearengatik. Erlauntz isolatuetan bizi garela iruditzen zait askotan, elkartasuna balio gisa demode, eta gero eta bakarrago eta bakanago. Akorduan daukat eskolakide bi nituela, bikoitzak; berdinak ziren, eta beti elkarrekin egoten ziren. Batzuetan neure buruari galdetzen nion inoiz bakarrik sentituko ote ziren. Beharbada ordukoaren oihartzun da, baina bikiak ikusten ditudan aldiro gauza bera galdetzen diot neure buruari: ea bakardadea zer ote den ba ote dakiten.

Duela bi urte Erresuma Batuan Bakardadearen Ministerioa sortzea erabaki zuen Theresa Mayk, orduko lehen ministroak. Populazioaren %14 inguruk pairatzen zuen bakardadea, edo bakarrik sentitzen zen, eta ezinbestekotzat jo zuen Mayk ministerioa sortzea. Honek, jakina, ez du arazoa konpondu, baina bideak ezarriko ditu. Azken asteotan Japoniakolehen ministroak erabaki du Bakardadearen Ministerioa sortzea. Iaz 20.000 pertsonak bere buruaz beste egin zuen. Datu lez utz dezakegu Japonian koronabirusaren eraginez hildakoak urte horretan: 3.400 inguru. Emakumeen artean %14 igo da suizidioen tasa. Bakardadeak emakumezkoak kolpatzen ditu portzentaje handiagoan; emakumezko jitea du batez ere.

Erresuma Batuan eta Japonian ulertu dute bakardadea ez dela norbanakoaren auzia, latzagoa dela, kolektiboari dagokion arazoa dela. Kolektiboaren gabeziak bistara uzten baititu bakardadearen arazoak.

Bakardadeak amildegiak sortzen ditu gure baitan, troka erraldoiak. Ez dut uste konponbide erraza duenik, baina zenbat eta bakanago, orduan eta gorriagoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.