Blanca Urgell
LARREPETIT

The Mamas & the Papas

2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Euskara beste hizkuntzaren baten ahaidea dela frogatu nahi izan denean, sarritan ama eta aita bezalako hitzak erabili dira konparazioan. Adibidez, Schumacher eta Setok (1994) euskara eta kikuyu (bantu familiaren adarretako bat, 6,6 milioi hiztunekoa, kenyarrak gehienak) ahaidetuta zeudela (!!)frogatzeko bildutako antzekotasunen artean eus. aita kik. ithe-rekin lotu zuten. Egile berek Kaukaso ekialdeko hizkuntzak Papuakoekin lotzeko ere 'ama' adierako hitzak erabili zituzten: nanu, neina, nenec, nanay

Ideia txarra! Ez baitira nolanahiko hitzak, haur-hizkeraren esparrukoak baizik. Hortaz, helduen hitzek ez bezalako ezaugarriak dituzte; besteak beste, umeek hizkuntzaren gaitasuna garatzeko moduarekin lotuta egoten dira: umeek lehenengo hilabeteetan ahoskatzen dakitenarekin.

Nork ez daki seigarren hilabetearen inguruan sasi-silabak ahoskatzen dituela umeak, segida luzetan, etengabe? Ezpain-mingainak probatzen ari da: da-da-da-da… gurasoak eta denak zoratzeko moduan. Urtea egiterako hots gutxi batzuk bakarrik menderatzen ditu: /p/, /b/, /m/, /n/, /t/, /d/; gainerakoak hots palatalez ordezkatzen ditu: «Xer ekalli/ekaddi duxu?». Hortik haur-hizkerako hitzek izatendituzten hotsak (apa, mama, matte-matte, papa, pupu, txitxa, txixa, ttatto, xixi…).

Beraz, ama eta aita izenak, postura egin dezakegu bata ma-ma-ma-ma segidatik sortua dela (gaztelaniaz mamá, frantsesez maman eta ingelesez mum bezala), eta bestea tta-tta-tta-tta… segidatik (gaztelaniaz papá, frantsesez papa eta ingelesez dad bezalatsu). Alegia, atta-tik sortu bide zen aita, eta ez alderantziz. Haur-hizkeratik heldu-hizkerara eramateko zer egingo, eta despalataldu. Ez baita serioa —pentsatu bide zuten gure arbasoek— «Nor da jaioberri honen atta?» esatea.

Bah-da bah-da-da-da / Bah-da bah-da-da-da / Bah-da bah-da-da-da / Monday, Monday (bah-da bah-da-da-da)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.