Blanca Urgell
LARREPETIT

Gramatikaren bideak

2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Agian zu ere gramatika gorrotatzen duten ikasle horietako bat zinen. Hala ere, animatuko zinateke gramatikaren satorzulo ibilerraz batetik sartzen? Eskutik helduta eramango zaitut, eta espero dut ez galtzea, ez zu eta ez ni.

Erraz bereizten ditugu hitzak (mahai, ekarri, zaldi, sortu) gramatika-hitzetatik (eta, nor, duzu, hau), ezta? Hizkiak ere nabarmenak dira: mahai-tik eta zaldi-tik, ekarri-ko eta sortu-ko, erkaketak azaleratzen ditu. Honela hiru sail egin ditugu di-da batean: hitzak, gramatika-hitzak eta hizkiak.

Halere, non sartuko dugu horri buruz esapideko buru hori? Horretaz ere esan dezakegunez haren lekuan, aise sumatzen da buru hitzak batzuetan gramatika-hitza bailitzan jokatzen duela. Pentsa dezagun zertan dauden bide (eskubide, hizpide...) eta behe-tik sortu den pe (arkupe, elizpe...) ere, esaterako.

Gramatika-hitzak bailiran jokatzen duten hitzak batzuetan gramatika-hitz bihurtzen dira erabat. XVI. mendean, kasu, «Halako gizon zedin» esaten zuten, «gizon bihurtu zen» esateko, nahiz guk hasi zedin bezalako egituran baino ezin erabili: erabat gramatikaldu da.

Orokorpen bat orain: gaurko hizkiak behinolako hitzak dira, lehengo esanahia (zedin-ek bezala) edota lehengo itxura (pe-k bezala) galduta. Testuetan maiz ageri da *nin aditza: «Despedidan indazu laztan bat, laztana» dio XVII. mendeko poesia eder batek, eta Etxepare kexu zen «etsaiak didan pena» dela eta. Honetan garbi ageri da lehen eman-en sinonimoa zela. Norbaiti eman ohi diogunez gero, hortik hartu zuten aukera arbasoek NOR-NORI-NORK osatzeko: hartu didan, ekarri diot... Euskalariak horiek nondik zetozen asmatu ezinik aritu ziren luzaro. Erantzuna kanpoan zegoen: munduko hizkuntza anitzetan NORI adierazi behar duten hizkiak 'eman' adierako aditzetik irten dira.

Hizkuntzek azalean banatzen gaituztela iruditu arren, sakonean denok berdinak garela garbiki adierazten dute. Aitortu nahi izatea da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.