Egunak dira lagun arteko solas batean kideetako batek utzitako esaldia burmuinean har-lana egiten dabilkidala. Bere ustetan gure dramarik handiena da norbanakoaren gurariek taldearenak gainditu dituztela. Alegia, banako eskubideek dagoeneko ez dutela bestearen eskubiderik mugarri, gainetik jarri direla. «Horrela ezin da kolektiborik eraiki», zioen berak. Bakarrik gaude inoizko komunikazio zubi gehien asmatu dugun sasoian. Uste dugu lorpen handia izan dela atomizazioa, askorentzat, zibilizazioaren garapen seinale bat; baina, berez, kontrakoa da. Egunotan Byung-Chul Han-i irakurri diodanak lagunak esandakoa gogorarazi zidan. «Kaletik jendea belarriak estalita doa», dio filosofoak, «auskalo zein istorio entzuten, eta horrek bakandu egiten gaitu, isolatu». Isolatzeak bakardadera garamatza, eta hortik dator daborduko erakunde publikoak arduratzen dituen arazoa: bakardade gorria. Normalean goibeltzen / etsitzen nauen Han-ek dio oso oker gaudela, oso txarto egiten ari garela, «kapitalaren organo sexualak» baino ez garela. Mundiala iruditu zait. Byung-Chul Hanentzat erraza da. Ordubete ematen omen du ordenagailu aurrean, eta batzuetan esaldi pare bat baino ez du idazten. Batez ere, piano aurrean ematen du denbora, Bach eta Schumann-en lanak jotzen. Eta lorategian, bere landareak atontzen eta zaintzen.
Zeinek egin dezake hori? Lund-eko Unibertsitatean irakasle den Anne L'Huillier-ek Fisikako Nobel saria irabazi ostean agian egin ahal izango du. Beharbada; peut-être. Horrek, baina, ez du bere baitako huts hori guztia beteko; berak eta denok dugun demaseko huts hori. Hori dio berak, batez ere, atomoaren inguruko hutsa garela. Baina atomoen taldea ere izan gaitezke, pentsatu nuen neure baitara. Atomoen kolektiboa, gai dena norberaren atomotasun eta atomokeriak bazter utzi, eta atomo-taldea izateko. Baikor nago gaur.
LARREPETIT
Atomoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu