Blanca Urgell
LARREPETIT

Tipularen ahalmenak

2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Tipulak ez du inor epel uzten, ezta? Patata-tortillan pentsatzea baino ez dago. Badu izugarrizko usaina, badu negar eragiteko gaitasun aparta, geruzaz geruza biluztu behar da eta, behin hori dena gainditu eta gero, barruan zer izango, eta ez hazirik, ez pipitarik, ez deus ere. Tipularen haziak loretan baitaude: hona 2022an ez nekien zerbait.

Urtarrilaren 1ean etxeko atean eskegi ohi dira Grezian, urte berriak hazkundea ekar dezan: tipulak bere kasa ernatzeko duen gaitasunagatik omen.

Ordea, guk atxiki dugu tipulak babesteko gaitasuna duelako sineste zaharra, deabruak, piztiak eta gaixotasunak egozteko boterea. Zientziak dioena dioela, tipula mesanotxean bai ala ez zuk inoiz?

Geruzaz geruzako egitura errealitatea aldi baterako baino ez izatearekin edota dena denari datxekiolako ideiarekin lotu omen dute Indian. Gaurdanik tipula garbitzerakoan, begietan barik, gogoa bete-betean jarriko dut haren izaera ezin azalekoagoan.

Azkenik, badu beste ahalmen bat: latinetik hartutako euskal mailegu zaharrenak datatzerik badugula gogoratzea. Latinezko cepulla-tik dator (ahoska kepul.la), gaztelaniaz cebolla bezala. Halere, ez genuen latinetik zuzenean hartu, bestela **gepula baikenuke (lat. cella > eus. gela), ezta gazt. ce-tik ere, **ze- litzatekeelako (gazt. celo > eus. zelo), bien bitarteko garairen batetik baizik. Henri Guiter-ek (1989) ikusi zuen garai hori zehazteko erromantzeen bilakabideari begiratu behar zaiola: izan ere, lehenik ke > kje palataldu omen zen K.o. 200. urtearen bueltan; gero tje bihurtu 250. urtean-edo. Azkenik tze bezalako hotsen bat eman zuen, Dazia Erromako Inperioak abandonatu baino lehen (K.o. 271), han ere gertatu baitzen (eta geroko aldaketak ez). Beraz, tipula 271. urtea baino lehenagoko mailegua da euskaraz.

«Zer uste dun, zerua tipulaz dela?», esaten omen zuten lehenagokoek. Izan dadila tipulaz 2023. urtea, bai eta ez zaharraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.