Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bi zero bi bi

2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Urtearen hondarretan lagunei Nicanor Parraren Último brindis (azken topa) poema bidaltzea gustatzen zait. Parraren poema hau otoitza-edo bilakaturik, urtearen bukaeretan topa egiten dut beti azken ahapaldiarekin. Gurean, baina, beste bat da txin-txin egiteko orduan esaten duguna mantra legez: datorren urtean, gutxienez, gaudenok egon gaitezen. Pentsamendu magikoa guk uste baino barneratuago daukagu; agian leize sasoiekin batzen gaituena da, gure baitako izaki primitibo horrekin. Baliteke gizakia gizaki denetik inoiz erantzun ez dituen galdera errepikakorrek eskatu izana orain edo gero (gero, ziurrenen). Ez dira desorduetan, deslekuetan, demode sentitzeko garaiak, ez behintzat zer pentsa uzten badizute. Dena izan behar da: ke, irri, eta hauts; oro, pisubako. Okerrena da ez duela iragankortasun existentzialarekin zerikusia; bai, berriz, norberekeria gero eta ohikoagoarekin. Eta hemen ez dago lekurik barnean uzten dizkiguten zulo beltzek eragindako zama behatzeko. Urte amaieretan, haize erauntsien ostean bezala, balantze antzekoak egiten ditugu. On eta txar dikotomiatik zaila da ateratzea. Baina, zuloak zulotzar, niretzat urte ona izan dela esan genezake.

Batzuetan gauerditik hurrengo minuturako jauzia neketsuagoa izan ohi da; eta hala ere, alternatiba hoberik ez zait otutzen. Petardo nekagarrien artean, hortaz, emango diogu ondoetorria urte berriari, Kiribatiko errepublikan ordurako biharamun betean egongo direla jakinda. Beti daude aitzindariak, era guztietakoak. Poema on asko desiratzen dizkizut, arima beteko dizun musika, barreak, negarrak eta, batez ere, tribu on bat. Nicanor Parraren poema ezin egokiago begitandu zait ahitzear dagoen urte honetako azken zutaberako.

«...laburbilduz, biharko eguna baino ez zaigu geratzen./ Nire kopa goratzen dut/ inoiz ailegatzen ez den egun horregatik/ baina egiazki daukagun bakarragatik...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.