Emakumeen artean galdetuz gero guztiek aitortuko dute puta esan dietela, gutxienez, behin bizitzan. Gizon batzuentzat emakume bat izan daitekeen gauzarik hutsalena (edota bakarra) puta izatea delako da iraina. Zabor hutsa zarela esatea bezalakoa. Putak gara sexurako prestutasuna agertzen ez dugunean, eta agertzen dugunean ere bai. Putak gara lerro zuzenetik at egiten badugu, eta ez badugu egiten ere bai. Eta kalderoi (musikan kalderoiak arrazoinamendua harago darama).
«Guk super ondo tratatu genuen», alegia, atseginak izan zirela. Horixe esan zuen 2018an Molins de Rei herrian (Katalunia) emakume bat bortxatzeagatik epaitzen ari diren hiru akusatuetako batek. Biktimak epaiketan esan zuen autoaren maletategian sartu zutela hiru akusatuek, iletik tira egin ziotela, eta irainka aritu zirela (bortxatzeaz gain, jakina). Akusatuek, berriz, neskak eskatu ziela harreman sexualak izatea, ez zegoela edanda, eta eurekin sexurako gonbidapena egin aurretik bere bular gainetara bota zuela (emakumeak) ginebra akusatuak berotu guran, nonbait. Larrialdietan artatu ostean egin zuten txostenean diote emakumeak gorputzean eta buruan babes-zauriak zituela, eta besteek eusten zioten bitartean txandaka bortxatu zutela. Epaiketa honetan emakumeak emandako lekukotasunean esaldi esanguratsua utzi zuen: «Puta bat nintzela esan zidaten, isiltzeko, beste neskek ez zutela hainbesteko erresistentzia jartzen». Putak. Emakumea eraso egin zuten hezur-haragitan, baina, nahikoa begitandu ez, eta hitzez ere egin zuten. Nire zalantza da benetan sinesten ote duten emakumearekin izandako jarrera atsegin eta abegikorra izan zela, ala defentsa amarrua ote den. Txatxua gerta dakizuke baina uste dut egoera ezberdinen aurrean geundekeela. Hots, amarrua bada, erasotzaileek badakitelako emakumeari eraso egin ziotela. Bestela, ordea, okerragoa da, pentsatzen dutelako horixe dela emakumeak (ondo) tratatzeko modua.
LARREPETIT
Putak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu