Blanca Urgell
LARREPETIT

Hi-ta-to?

2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Bagoaz ikasten euskararen bereizgarriak ez direla hain bereizgarri. Alegia, frantses eta gaztelaniari ingelesa bederen gaineratuz gero, antzina-antzinako indoeuroperatik datozen hizkuntzez inguratuta bizi garenez, ematen du euskara bitxia dela. Munduko hizkuntzekin alderatuta, tira: ez da hainbesterako. Ergatiboa, demagun, lau bazterretako hizkuntzekin partekatzen dugu (georgiera, tibetera, maia hizkuntzak, Australiako wagimana, etab.), xehetasunak xehetasun.

Hitanoa, aldiz, bakanagoa omen da. Anton Antonov-ek (2015) beste lau hizkuntzatan baino ez du aurkitu genero marka aditz alokutiboan: beja (Itsaso Gorriaren mendebaldeko kostaldean), mandan (siux hizkuntzetako bat; Ipar Dakota, AEB), nambikwara (Mato Grosso, Brasil) eta pumé edo yayuro (Venezuela).

Lazarragak Zegaiti ezton lotsarik? idatzi zuenetik-edo,toka eta noka maiz lekukotzen dira gure testuetan. Hala ere, hitano hitza bera Azkuek Euskalzale aldizkarian (1897) erabili arte ez da euskarazko testuetan aurkitu. Hirurogeitaka urte lehenago Añibarrok hiztegian idazkera etimologikoan jaso zuen: i ta no, to ta no, ika ta noka. Hitano eta hika izen-adberbio hauen idatzizko erabilera, ordea, atzo goizekoa da, eta gramatikatik kanpokoa nekez. Mutill koskorrak mozkortu eta / aitari izketan ika adibidea utzi zigun Eusebio Mugertza Azpiazu Mendaro Txirristaka bertsolari mendaroarrak (1874-1955). Bakaldunari [erregeari], zelan egitten yako berba, ittanoz ala zuka?, berriz, Bernardo Garro Otxolua itzultzaile mundakarrak (1932).Iparraldean Hika hari dire jaso zuen Pouvreau hiztegigileak (c. 1665), eta kito han.

Metahizkuntza gutxi, baina sormen faltarik ez. Ustez ustekabean, beste forma batekin egin dut topo: Azpeitikoa omen, Nemesio Etxanizen adibidea lekuko: Orrek itteto eitten du gobernadoriakin. Gobernadorearekin hi-ta-to eta, dudarekin gelditu naiz: ahizparekin nola?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.