Etxeko langileen aurreneko lan ituna bultzatuko du LABek

Euskal gizarteak haiekin «zor historikoa» duela uste du sindikatuak. Determinazio politikoa eskatu die erakundeei negoziazioa errazteko

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Euskal gizarteak etxeko langileekin duen «zor historikoa» kitatzen hasteko garaia dela erabaki du LAB sindikatuak. «Sindikatuek, erakunde publiko guztiek eta patronalak haien jarrera zein den erakutsi beharko dute. Alde batera edo bestera lerrokatu beharko dute», aurreratu du Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak. Hitz onetatik ekintzetara igaro behar dela nabarmendu du, eta ekintza horrek bi alde zehatz ditu: sindikatuan alor sindikal berezitu bat sortzea eta lan hitzarmena bultzatzea. Itunean sartu beharreko aldarrikapenak zehaztu dituzte dagoeneko. Besteak beste, ordutegiak eta atsedenak arautzea; baimenak, lan-osasun eskakizunak, eta gutxieneko soldata bat—LABek 1.400 euroan du jarria gutxieneko langa—.

Ikerketa batzuen arabera, Hego Euskal Herrian 46.300 etxeko langile daude, eta %30 inguruk ez dute kontraturik. Etxeko Langileen Bizkaiko Elkarteak sektoreak Bizkaian duen egoeraren erradiografiak egiten ditu urtero. Haien arabera, %30 bakarrik dira Hego Euskal Herrian eta Espainian jaioak. %71,56k 60 ordu baino gehiago egiten dute lan, legezko muga hor egonda ere. Hirutik bik ez dute legeak finkatzen duen atsedenik, eta %21,56k inoiz ez dute atsedenik. Barneko langileei dagokienez, hamarretik zazpik 800 eta 1.200 euro arteko soldata dute. Gizarte Segurantzari dagokionez, enplegatzailearen etxean bizi direnen %80k kotizatzen dute, eta bizi ez direnen %74k. Kotizatzen ez duten gehienek ez dute agiririk.

Legezko egoeran daudenek lan marko propioa dute, erregimen orokorretik kanpo dagoena, eta horrek eragiten dituen eskubide galerak amaitu nahi ditu LABek. «Bazterketa egoeran bizi gara. Oraingoz ez dugu langabezia eskubiderik; lanaldien kontrolik ez dago; 60 ordu ere lan egin dezakegu, baina normalean gehiago izaten dira; lan eremuan indarkeria handia jasaten dugu... Gizarte eragileei dei egiten diegu hori guztia amaitzeko», aldarrikatu du Melissa Andrade etxeko langileak.

Solaskidea, Confebask

Bi urteko bilera prozesu baten ondorioa da LABen proposamena. Etxeko langile ugarirekin eta kolektibo askorekin eztabaidatu dituzte osagaiak. «Entzuten eta ikasten aritu gara», azaldu du Aranburuk. «Lehen aldia zen horrelako agiri bat diseinatzen genuena. Askotan erdi esklabo aritzen diren langileak dira. Klase sindikalismoak gainditu gabeko ikasgai bat du etxeko langileen eskubideen defentsan».

Sindikatuak aldarrikapen plataforma bat egin du, eta Confebask interpelatuko du lan itun hori negoziatzeko. LABen ustez, hura legitimatuta dago negoziazioari heltzeko. Beste sindikatu batzuei egin die proposamena, eta aldeko erantzunak jaso ditu. Jaurlaritzaren atea joko du orain, eta Lan Sailarengana joatea da asmoa. «Balizko blokeo baten» inguruan jarrera axolagabea izan ez dezan eskatu dio. Lehenbizi Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hasiko dute prozesua, eta gero joko dute Nafarroara. Uda aurretik hasi nahiko lukete negoziazioekin.

Langabezia sariaren zain

Erakundeei egin diete dei, itunaz gain auzi politikoa delako: «Zaintzaren merkantilizazioan eta pribatizazioan dauden gabezien aurrean, etxeko langileak kontratatzea bihurtu da euskal gizartearen zaintza-premiak asetzeko iturri nagusia», kritikatu du Andradek.

Alde horretatik, Europako auzitegiek ebatzi dute Espainiako Gobernuak langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu behar diela etxeko langileei. Yolanda Diaz ministroak herenegun esan zuen tramiteak bukatu dituela. LABen, baina, zuhurrak dira. «Kezka pixka bat sortzen digu nola garatuko den, behartuta egin dutelako. Tentuz jarraituko dugu», iragarri du Aranburuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.