Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Nire Gabriel Aresti

2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Duela bi hamarkada, norbaitek poeta nazional kontzeptuaz galdetu izan balit, ziurrenik, ez nion ongiegi begiratuko. Alegia, nork hautatzen du idazle jakin bat, zeren arabera, zergatik ordezkatu behar du obra batek nazio bat, are idazle mordo bat. Erridikulua izan daiteke, baina, gero, hasten zara izen batzuk aipatzen beste hizkuntzetan irakurtzen dutenei eta ia denek antzekoa esango dizute: galdetu egungo aleman bati Bertolt Brechti buruz, estatubatuar bati Edna Vincent St Millayz, albaniar bati Drittero Agolliz, bulgariar bati Nikola Vaptsarovez, palestinar bati Mahmud Darwixez, katalan bati Mari Mercé Marçalez. Hasieran, solasaldia topikora egokitu daiteke, egile horien poema ezagunak aipatuko dira. Baina gero desplazamendu bat egongo da ia ziur. Desplazamendu hori da norberak magalean daraman egilearen atala, kuttunen deritzona, kasu batzuetan bere herriaz mintzo dena (Bilbo, Larrabetzu, Ea), ala bere arbaso baztertuak gogoan dakartzana (galiziarrak, gaztelarrak), ala konstelazio iraultzailea eta antikoloniala (Castro, Che, Lumumba, Trotski).

Ikusi gehiago:Langileen aldeko ereserkia, osorik

Gabriel Aresti Segurolaren kasuan, gaur jaio zela 90 urte betetzen diren egunean, eta aurten 1973ko Iruñerriko Motor Ibérican hasi zen grebatik 50 urte betetzen direnean, ezinbestean datorkit gogora Motor Ibérica, bizi zenean argitaratu ezin izan zituen olerkietako bat, Nafarroa inarrosi zuen grebari buruzkoa.

Halere, urteurrenak urteurren, gaur bereziki daukat gogoan 2020ko udazkena. Gaurko egunez oraindik osasuntsu zegoen gure aitari, egun hartan bertan hilko zela genekien abenduaren 18ko goizean, ahots gora, hasi eta buka irakurri nion Harri eta herri osorik. Ateoa ere gizaki sinboliko eta espirituala delako, hori okurritu zitzaidan, arnasgailuaren soinua entzuten zen bitartean, sartu eta ateratzen ziren erizain eta zeladoreen aurrean. Zorionez, ordurako, ohitura bazuten, bi hilabete lehenago lokartu zuten aitari irakurtzen genion anaiak eta biok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.