Ander Perez Argote
LARREPETIT

Funtzionariatua

2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Estatistika zehatzen faltan, batzuetan aski izaten da ingurukoari erreparatzea: zuei ere pasatuko zitzaizuen, lagun artera begiratu eta ingurua irakaslez josita ikustea. Ez dute errurik, jende jatorra dira gehienak, esku onetan dago gure haurren etorkizuna. Baina arreta deitzen du kopuruak, irakasle zein bestelako funtzionarioena.

Bokazioz eta hasieratik hezkuntzan aritzea erabaki zutenez aparte, txikitatik mediku izanen zirela zekitenez aparte, egonkortasuna izaten da bide hori hartzen duten berantiar gehienen akuilu. Askori pasatu zaigu: hankek dar-dar egitea, bidegurutzea luzatzen ari dela sentitzea, ongi egon direla orain arteko amets eta proiektuak, baina badela garaia etorkizunerako bide egonkor bat hartzeko. Eta bide horren amaieran, gehienetan, funtzionariatua.

Eta ez da kontua langile publiko horien beharra kuestionatzea, ez den bezala kontua horien lan baldintza duinak zalantzan jartzea. Gehiago litzateke afera zer toki gelditzen den gure herrian beste hainbatentzat, kazetarientzat, idazleentzat, kultur eragileentzat, musikarientzat, editoreentzat, arte hezitzaileentzat, euskararen aldeko langileentzat.Zein egitura eta bide behar diren, horiek denek duintasuna bere arloan bertan aurki dezaten, ihesbiderik bilatu behar izan gabe. Edo bestela esanda, prest ote gauden herri gisa talentu eta ekarpen hori guztia egonkortasunaren izenean nola galtzen doan ikusteko. Eta hau ez da autolaguntza liburu hippy batentzako titularra, hau ez da «egin kasu zure ametsei» gisako lelo txatxu bat (alferrik dira ametsak ahora zer eraman ez badago), duintasunaren aldeko aldarri bat baizik.

Bitartean, euskalgintzan, kulturgintzan, edo dena delako gintzan liberatu gehiegi dagoela entzun behar izaten dut tarteka. Badakit ze asmoz esaten den: ordainpeko lanak lan militantea ahuldu ote dezakeen kezkaz. Hori gauza bat da. Bestea, liberaturik ez, baina funtzionarioz (bakarrik) betetako herria eraiki nahi ote dugun.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.