Blanca Urgell
LARREPETIT

Euskal pluraltasuna

2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Landucciren hiztegian (1562) izan nuen nik zeraren berri: guiçon lur asco daucana tira, baina eta surr onac daucana? Ikusiko dugunez, honek adieraz lezake liburua eskuan eserita egotea ohikoago dudala, euskal herrietan barrena solasak entzuten aritzea baino. Ez dizut ezetzik esango, irakurle, baina ezta baietzik ere.

Halakoekin hasi eta Landuccik ez zukeen EGA gaindituko, azterketa berak egin balu, eta ez isilean utzi zuen berriemaile arabar batek. Behin eta berriz agertzeak akatsaren ideia burutik kendu bide zion Mitxelenari, eta bestek (Bähr 1925, Azkue 1935) ziotena gogorarazi, hots, Leintz, Otxandio eta Legution orrek bi dauko bezalakoak diotela, Debagoieneko herri gehiagotan (Arrasate, Bergara, Antzuola & Oñati) eta Goierrin ere berdintsu. Isenok etxat akordetan niri Aramaiokoa ere lekuko.

Arabako berrikuntza da, Gasteiztik-edo hasirik Bizkaira ozta-ozta, baina Gipuzkoako hegoalderaino aise heldua, eta hemen Araban euskara gehiena galdu zenez geroz han gordea. Arabera garai batean noraino heldu zatekeen esaten digu honek.

Erañak (2020) eta Ondartzak (2022) berrikuntzaren hedatzean lau urrats igarri dituzte. Bat, nor-nori-nork-en: dotsadaz > dotsat edo dizkiot > diot, adibidez. Bi, zaizkit > zait edo jataz > jat. Hiru, gaitu > gau, zaitu > zau, dau-ren eraginez apika. Lau, ditut > dut. Urratsez urrats, mendez mende, Arabako hauspoaren indarra ahulduz doa, zein baino zein eremu murritzagora heldu baitziren sortu zituen haizeok.

Euskara ahazten ari ote ziren? Ezetz erantzungo dut, debagoienatar eta goierritar minduekin batera bozkatuz. Nago gure aditzak konplexutasunaren eskalan gora egin, erpina jo eta hiztun haiek behera hasi zirela, osagai gehien dauzkaten adizkietatik hasi ere.

Euskaldun ona izateko modu asko daude eta, nolanahi ere, euskaldun txarra izatea ere erakargarri egiten zait: txarra zertan, eta honen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.