Hizkuntzari ikuspegi pragmatikotik begiratzean esandakoa ulertzeko esanguratsuak diren aldagaiak ezagutu nahi ditugu, edota esatekoa esateko forma bat edo beste nola aukeratzen dugun testuinguruaren arabera.
Esango nuke pragmatika gramatika baino beranduago ikasi ohi dela. Nik euskara euskaltegian ikasi nuen lehenik, Gasteizen ia hitzik ere entzuten ez zen antzina batean. Garai hartan «gustatzen zatzaizkit» esan nion norbaiti; berak ez zidan zuzendu: une hartantxe bazeukan bestelako kezkarik. Baserri baten parean autotik jaitsi, harrera egitera zetozen ama-alabei «kaixo» esan eta alabatxoak amari «Beitu, telebistan bezala hitz egiten du» esan zionean, plaust, mundu errealera jausi nintzen.
Eta, hala ere, badago gramatika zuzentasunaz eta pragmatika egokitasunaz beste ikuspegi bat: historiarena. «Neure jaun maitea, joan zatzaizkit lurretik, baina ez gogotik, eta ez bihotzetik» idatzi zuen Axularrek (1643) gure literaturaren pasarte gogoangarrienetako batean. Duvoisinek (ca. 1860) Bibliako salmoen lerro bat honela itzuli: «Nausitzen zatzaizkio itsasoaren indarrari; zuk eztitzen duzu, berriz, haren uhinen oldarra». Eta Materrak (1623): «badakizu lagundu behar zatzaizkidala». Zergatik dugu, beraz, zatzaizkit arrotz?
Eskatu, lagundu, jarraitu eta beste aditz asko Euskara Arkaikoan (1600 baino lehen) NOR-NORI zirenak NOR-NORK edo (NOR)-NORI-NORK bihurtu dira gero, eta aditz joko horren laguntzaileak gero eta arrotzago ere bai. Aldaketa hau pairatu zutenen artean nagusi dira «aditz afektiboak», hots, hautematea, sentimendua edo pentsamendua adierazten dutenak (Mounole 2011): ahantzi, falta izan, gomutatu... Halakoa zen nahi izan ere: «Jainkoari nahi ez dakiola zu joan da ni eben gera nadila» (Lazarraga).
Beraz, Udalari nahi banatzaio edo axola banatzaio, «ez naiz ni hargatik bekhaiztuko, eta ez mutturturik gaitzez jarriko».
LARREPETIT
Zu zatzaizkit axola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu