Blanca Urgell
LARREPETIT

Ardiaren taktika

2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
«Asimilazio» hitzak hiru adiera ditu Euskaltzaindiaren hiztegian. Ezagunena gaur, kulturari dagokiona: «Gizabanako batek edo talde batek bere jatorrizko kultura utzi eta beste talde baten balioak bereganatzea». Biologiari dagokionarekin eskola-garaiko edukiren baten oroitzapen lausoa datorkit burura, baina hirugarrena ofiziokoa dut: «Fonema edo hots batek inguruko beste bati bere ezaugarriren bat harrarazten dion gertakaria».

Asimilazioak, gezurra badirudi ere, errazago jotzen ditu aurreko hotsak ostekoak baino: begien bistan dago n aurreko b > m asimilazioa mendekatu (lat. vindicare) eta magina (< lat. vagina) maileguetan, adibidez, eta berdina da Refranes y Sentencias-eko maneki zoragarria ('baneki'). Oro har airea ahotik igaroarazten ari gara mintzatzerakoan; n-a ahoskatzeko, ordea, prestakuntza berezia da: ahosabai biguna behera doa, aho-bidea oztopatu eta airea sudurretik igaro dadin. Hain da berezia, nonbait, non are bi silaba lehenago ahoskatuko dugun b kutsatzeko gauza baita.

Ahalegin txikienaren legeari egotzi izan zaio hotsen asimilazioa. Ez du prentsa onik gurean lege horrek. Bibliaren jainkoak esana da: «Madarikatua lurra zure erruz! Nekearen nekez aterako diozu janaria zeure bizitzako egun guztietan». Guretzat propio idatzia dirudi. Euskaldun asko ikusi ditut eta ikusten ditut nekearen nekez asimilazioari aurre egiten —hizkuntzatik abiatuta!— janaria dela, jantzia dela, hau dela, bestea dela. Miraritzekotzat ditut gizarteak batu nahi gaituen artaldean sartuta ez ibiltzeagatik beren larrutik edozer ordaintzeko prest daudenak. Egon. «Edozer»-en adiera bigunean pentsatzen ari nintzen: hortik gorakoak beldurgarriak dira-eta.

Bata bestearen ondotik osasun zentrora joan beharra txertoa hartzera. Nolako arrunkeria, ezta? Halere, jaun-andreok, ardiaren taktikak orain artean bikain funtzionatu du honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.