Blanca Urgell
LARREPETIT

Txertoa txertatu

2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Txerto-txertatu bikotea lat. insertare-tik dator. Baratze-lanetan sartu ziren aspaldi maileguz, baina baratzetik erizaindegira ez zuten jauzi egin XIX. mendearen azken urteak arte. Misterioa da nolatan eman zitzaion txertoa (edo xertoa) izena Pirinioen alde bietan, erdaratik mailegatu barik.

Vacca 'behia'-tik sortu omen zuen Louis Pasteur-ek (1822-1895) frantsesez vaccine, zergatik eta Edward Jenner bere aurrekariak (1749-1823) behi-baztangatik lortu zuelako giza-baztangaren aurkako sendabidea. Hortik gaztelaniazko bakuna 'behiarena' ere. Zerikusirik ez gurearekin.

Zergatik XIX. mendean, erraza da erantzuten. Indiatik irtenda, Europa zazpi aldiz jo zuen errotik kolerak. Espainiatik begiratuta lau pandemia dira, guztira 800.000 hildako eragin zituztenak, ekonomiaren geldialdi izugarriez gain. Lehenengoan (1833-1834) I. Karlistadako soldaduek ekarri omen zuten Euskal Herrira. Bigarrenean (1854-1855) hil zitzaigun Lardizabal idazle oraino gaztea, gaixoen alboan kutsaturik. Eta hala, koleraz kolera, 1884an Robert Kochek baziloa aurkitu arte.

Irudika genitzake orduko sendagileak nekazari beldurtuei txertoaren onurak azaldu beharrez. Zer bururatuko, eta landareei on egiten dien teknikaren izena ematea. Lehenak nor izan ziren historialariek esan beharko, baina, hitzaren hedadura geografikoaren arabera, Hegoaldean nafarrak edota gipuzkoarrak ibili ziren aurrenik, artean Errico gendeentzat osasun legueac eta medicantzaco arguibideac eskuliburu elebiduna (Bergara, 1899) idatzi zuten Debako eta Itziarko mediku titularrak, Martin Aranburu eta Manuel Bago.

Orain irudika dezakegu haiek zer pentsatuko luketen ikusirik unibertsitatetik igarotakoak ere beldur garela ez ote diguten DNA martetarra txertatuko, Marteko meategietan jopu gisa lan egiteko gauza bihurtu gaitezen. Edo inoren lepotik ikusi nahi dugula txertoa ona ala txarra den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.