nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Beste gol bat gure atean

2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Kutxatilako ilaran dagoela ikusi ditu Real Madril taldeko kamisetak. Zarautzen dagoen izen ezaguneko kirol denda batean izan da. Hasieran pentsatu du nahastu egingo zela, ez zirela madrileko kamisetak izango, baina begirada apalategian finkatzean baieztatu du: bi talde euskaldunen elastikoen aldamenean daude, helduentzat zein haurrentzat aukeran. «Noiztik salduko ote dituzte Real Madrilekoak?», galdetu dio bere buruari. Garbi dauka bera haurra zenean ez zegoela halakorik, ez behintzat begi bistan.

Pare bat aste lehenago 6 urteko seme futbolzaleak sekulako poza hartu zuen txikle bateko pegatinan Real Madrileko jokalari ezagun bat tokatu zitzaiolako. Zeharo harritu eta larritu zuen semearen pozak eta adierazi zion talde hartako kromo bat izatea ez zela «guaya». «Zergatik ez?», galdetu zion hark zur eta lur, «onenak dira eta». Nondik hasi azalpena? Berak 6 urterekin bazekien hori hala zela, ez du oroitzen nola jakin zuen, nork transmititu zion. Zein unetan pasa gara Madrid se quema kantatzetik, ¡Hala Madrid!-era?

Garbi izan du beti ez diela semeei berak bizitako gorrotorik transmititu nahi, baina zerbaitetan huts egin duela sentitzen du orain. Garai bortitzak bizi izan genituen, eta are bortitzagoetatik zetozen gure aurrekoak; ez genuen ondo pasa, eta ez dugu halakorik nahi gure ondorengoentzako. Baina, memoria historikoaren transmisiorik gertatzen ez bada, handiak txikia jango du. Handiak ez du ezer egin behar txikia jateko; egon, existitu. Are gehiago, handiak ezer egiten ez badu, txikiak ez dio kontra egingo. Kontra, zeri? Berriz diot: hain gaude kolonizaturik, kolonizaturik ez gaudela ere iruditzen zaigula.

Jon Sarasuak Harizko zubiakliburuan erabiltzen duen irudia etorri zait gogora: igel bat ur irakinetan sartzen baduzu, kanpora egingo du salto berehala; aldiz, igela ur hotzetan sartu eta pixkanaka berotzen baduzu, ez da gertatzen denaz ohartuko eta hantxe geratuko da, egosita hiltzen den arte. Ez duzue berorik sentitzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.