nerea loiola pikaza
LARREPETIT

(Ez) Amatasunak

2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ama izan nahi duena. Ama izan nahi ez duena. Izan nahian dabilena. Izango dena. Ama izango ez dena. Haurra galdu duena. Haurdun gelditu berri dena. Haurdun gelditu ezinik dabilena. Abortatzea erabaki duena. Abortatu duena. Ama izan eta etxetik kanpo lanean jarraitu nahi duena. Lana utzi nahi duena. Lanean jarraitzera behartuta dagoena. Zer egingo duen ez dakiena. Titia ematen gozatzen duena. Gogoz kontra titia ematen duena. Biberoia aukeratu duena. Txupetea jartzen duena. Dena bere gain hartu duena. Laguntza eskatzen duena. Larridura sentitzen duena. Ziurgabetasuna. Eta akidura fisikoa. Lo egiten duena. Lorik egiten ez duena. Haserreak eta asperdurak jota bizi dena. Amorruak irentsita. Zoriontsu bizi dena. Maitasun eta poztasun grinatsuak pizturik dituenak. Sufritzen duena. Negar egiten duena. Negar egin arte barre egiten duena. Joan-etorri jasanezinean dabilena: erresumin garratza eta kirioak dantza orain, satisfazio eta samurtasun pozgarria gero, eta berriz atzera. Ume-kotxea erabiltzen duena. Haurra beti soinean daramana. Besteek egiten dutenari begira egoten dena. Berari buruz pentsatuko dutenari begira bizi dena. Ez dena bizi. Bere burua besteekin konparatzen duena. Egiten dutena egiten dutela besteak kritikatzen dituena. Egiten duena egiten duela errua sentitzen duena.

Errebeldiak, bakardadeak, epaiak, armairuak, kulpak, iruditeriak, zalantzak, esperientziak... Askotarikoak. Amatasuna, izan aukera, esperientzia, erabakia, ezintasuna edota uko egiten diogun zerbait, emakume ugari zeharkatzen gaituen gaia da; esperientzia kolektiboa. Eta politikoa. Horregatik elkartuko gara bihar ehunka lagun Donostian Emaginek antolatutako (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldietan; gurasotasuna aztertzeko, eztabaidatzeko, saretzeko eta aliantzak sortzeko. (Ez) amatasun feministek amatasun ez-feministak eraldatzeko ezinbesteko zita.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.