Emakumezko ahots batek errealitate apokaliptikoaz abisua ematen du Terminatorren garaian biziko balitz bezala. Bihar, ohartarazten du, eta halako batean katastrofe izugarria bizi dute, berak eta bere belaunaldikoek, nire etxe azpian. Bai, etxe azpian errodatutakoa da iragarkia, dena zuri-beltzean. Etorkizun ezin okerragoa irudikatzen digute. Modan daude distopiak. Ni, ordea, dagoeneko nazkatu egin naiz eta koleratu baino ez naute egiten. Ezin uka askoren utopia dela distopia. Badakit, jakin, krisi klimatiko betean gaudela, pandemiaren hondarretan, hor kanpoan gerrak daudela, emakumeen kontrako indarkeria (hau barruan eta kanpoan), argindarraren krisia, kamioilariak, prezioen gorakada… Ez dut xalotasunez baztertzen distopiarik. Ez da hori. Kontua da etorkizunaz ematen diguten irudi interesatu hori, itxaropenik bakoa, aukeretatik okerrena, eta horrek denak gugan gizabanako/herri edota gizarte bezala eragiten duen ezintasun immobilizatzailea. Hots, batzuek hainbeste maite dituzten egoera distopiko horiek izan litezkeen etorkizun posible guztietatik aukera bakarra erakusten dutela; okerrena.
Marina Garces filosofoak bezala, nik ere ez dut utopietan sinesten. Distopiak bezain galgarriak iruditzen zaizkit; galgatik eta galtzetik. Beste mundu posibleetan sinesten dut, aldaketetarako gaitasunetan, Pepe Mujicak aipatzen zuen garaipen horren aldeko naiz: jausi eta goratu eta jausi eta goratu eta jausi, eta goratu. Hori baita bizitza; lehen, orain, eta, ziurrenen, gero. Eta altxatzeko aukera oro suntsitzen badugu modako distopiekin, burmuinetan sortuko ditugun ezintasunak egonkortu besterik ez dugu egingo. Uste dut itxaropena merezi dutela hurrengo belaunaldikoek; gutxienez, aukera anitzeko etorkizunak. Bai, aitortzen dizut, ni ere distopia kontsumitzailea izan naiz, gainezka egin didaten arte. Honezkero ez ditut ikusten, ez ditut entzuten. Zarata antzu lar eragiten dute.
LARREPETIT
Distopiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu