Nork ez ditu gorrotatzen ingelesaren aditz irregularrak? [Gehitu -ed] araua hausten dute beharrik gabe;zeinek bere modura, gainera: blow/blew/blown, bring/ brought/brought, give/gave/given, put/put/put... Zer dira, hiztun berrientzako segadak baizik?
Hizkuntzaren historiaren ikuspegitik, ordea, erregulartasunak ez dira bereziki erakar-garriak: shock/shocked, bore/ bored... pffff. Errazegia! Martxa gehiago nahi dugu. Adibidez, dakarren, dabilen, dagoen aditz sailak erregularra dirudi, [gehitu -en] arauaren azpikoa. Alabaina, ez da hain erraza, Larry Trask zenak erakutsi zuenez (1990). Izan ere, ekarri-ren erroa *kar bada, ibili-rena *bil eta egon-ena *gon, zergatik dakar, dabil, baina dago, eta ez *dagon?
XIX. mendeko hizkuntzalariak ohartu ziren hots-aldaketek irregulartasuna sortzen dutela gramatikan, eta hiztunok denboraz irregularra berdintzeko joera handia dugula. Batak koskak sortu, besteok berdindu. Gurpil zoro honetan dabiltza hizkuntzak.
Izenetan bi arau ditugu: [kontsonantea + en] eta [bokala + -n]. Hala, adibidez, Gasteizen diogu, baina Bilbo-n. Adizkietan, ordea, kontsonante zein bokal, beti -en: dabil-en, dago-en. Traskek dio dago bezalakoak ere antzina -n-z amaitzen zirela: *dagon (Ama etxean *dagon), -en atzizkiarekin *dagonen (Goian *dagonen etxea).
Fonetikaren aldia da: bokal artean n guztiak galdu ziren noizbait (lat. anate > eus. ahate > ate, kasu), nondik *dagonen > dagoen. Horra irregulartasuna: *dagon 'dago' zaharra n-z, atzizkiduna gabe; bien antzekotasuna gehiegizkoa ere ba bide zen. Honegatik, Traskek proposatu zuen n erregularki galdu zela bokal artean (*dagonen > dagoen), ikusi dugunez, baina irregularki bukaeran (*dagon > dago), hiztunek araua [ken en] zela berrinterpretatu zutelako apika: dabil-en bezala dago-en, beraz.
Zer? Ingelesaren irregularrak nola sortu ziren jakin nahi? Nik bai.
LARREPETIT
Jakin-mina pizteko ariketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu