Blanca Urgell
LARREPETIT

Kalabazatik jalgiak

2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Euskararen pare bat ezaugarri esatekotan, baietz deklinabidea aipatu. Halere, dakitenek jakintzat ematen dute gure kasu-sistema ez zela behingoan eratu, baizik eta kasuak zein bere aldetik, zein bere jatorri, epe eta bidetik, antzeko hizkuntza guztietan bezala.

Ergatiboa, adibidez, badugu hipotesi sendo bat nola sortu zatekeen. Forma erraza da: -ga >-k, hala nola dudan-eko *da-ka galdu eta -t bihurtu zen. Zergatik -ga? Ba, badirelako beste -ga bi bederen sisteman: bata bizidunen leku-kasuetan (amaren-ga-n) eta bestea soziatiboan (aita-ga-z). Ustez, hirurak bat ziren: *-ga, gutxika funtzio ezberdinok hartu zituena. Arrautza ala oiloa? Munduko hizkuntzetan norabidea beti bat da: lokatibotik beste zereginetara. Eta guk badugu Pagoaga, ezta? (honatx laugarrena!).

Galde genezake zergatik amarengan, eta ez **aman, besterik gabe. Beste galdera batekin erantzungo: ez ote da mendian anitzez usuago amarengan baino? Alegia, bizidunak nekez dira «lekuak». Honegatik, hizkuntza askok bizidunak «leku bihurtzeko» estrategia bereziak darabiltzate. Esaterako (ikus Igartua & Santazilia 2018), Mexikoko kora hizkuntzan lokatiboa izenordainari jartzen diote, ez izenari (ez ama-ri), euskaraz **bera-n ama dago 'amarengan dago' esango bagenu legetxe. Bengaleran, aldiz, 'gorputza' adierako izena hizki bihurtu dute —kasualitatea zer ote den!—: euskobengaleraz **amagâ dago, bada.

Noizbait euskal -ga lokatiboa biziduntasunaren adierazletzat hartu zuten hiztunek, eta bitatik bat: edo perpaus anbiguoetan subjektua eta objektua bereiztearren erabili zuten lehen (Lakarra 2005): *dakus Jone Peru perpausean nork ikusten du nor? Edo perpaus pasiboen agentea markatu zukeen (Martínez Areta 2012): Jone dakus Peru-ga 'Jone is seen by Peru'. Ondoko hiztunek pasiboa aktibotzat berrinterpretatu zuketen, eta agentea subjektutzat.

Eta hau hala ez bazan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.