Blanca Urgell
LARREPETIT

Bat egingo bagenu

2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Haserre itzuli naiz eskolatik. Ikasleei azaldu behar izan diet ez dudala grebarik egingo ostegunean, nahiz eta susmatu euretako batzuek (askok? denek?) egingo dutela, Lan, pentsio eta bizitza duina leloaren alde zintzoki egin ere. Eta horregatik nago haserre: ezin azaldu, unibertsitatearen pulpitua ez delako norberaren iritziak azaltzeko lekua, zergatik 2018an eta 2019an Greba Feministan elkarrekin joan ginen eta orain ez.

«Ba etorri!» pentsatu duzu agian, irakurle. Hain erraza balitz. Lagun-taldetik estaturaino, badirudi gizakia bitarra izateko programatuta dagoela: bata bestetik ezberdin, bateraezin, elkargaitz, kontrako, antitetiko, bitan banandu beharra. Zuri ala beltz, tartekorik ez. Diskurtso politikoa hortik doa sarri: zeu hor bazaude, ni ezin egon.

Nik, ordea, ezin mundua horrela ikusi (aitari esker) eta ezin isilik egon (amari esker). Bada, deabru bana dut belarrietan; batek diosta: «A ze inozoa! Beharbada ahaztu dun nola Lemoiztik aurrera batzuek herri-mugimenduak patrimonializatu nahi izan dituzten? Nola Espainiako langileriarekin bat egin nahi ezik dabiltzan? Emaion minutu bat gobernu berriari!». Eta besteak: «Grebara doazenetan ere ez al ditun asko estimatzen ditunanak? Grebara joateko motiboak ez al ditun zuzenak? Utzi aurreiritzi horiei! Akaso ez hago behar bezain mobilizatua, kontzientziatua, inplikatua? Non kokatzen haiz, epel halakoa?». Zuri ala beltz?

Nire eguna mila kontu txikik betetzen dute, hamaika egitekok, bost kezkak, berri onen batek, eskolek eta liburuek, garbigailuak, jatekoa erosi eta maneatu beharrak, beheraldi eta goraldiek, familiak eta lagunek. Sarritan ez daukat honelako erabakiak hartzeko indarrik ere. Eta, zin dagizuet, ez naiz bakarra. Honegatik hautatzen ditugu gure ordezkari sindikal eta politikoak. Asko eskatzea ote zapaltzen gaituzten erraldoien aurrean bat egingo balute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.