Seguruenik, komuneko ateak izan ohi dira pentsamendu gorenak islatzeko euskarririk erabilienak. Egoerak bultzatuta, gogoeta egiteko parada ederki baliatzen dute hainbat librepentsalari saiatuk barne prozesuaren emaitza askatzeko. Horretaz ari naiz hausnartzen Hizkuntza Eskolako komunean eserita, parean dudan esaldi zinez sakona irakurri bitartean: «Komunismoak borroka eta gatazka eragiteko sortu duen beste tresna bat besterik ez da feminismo erradikala». Saiatzen ari naiz argitzen zein den errotulagailuz idatzitako mikro-saiakeraren egilearen helburua, testuinguru zehatzaren ezagatik ezin baitut asmatu ikuspegi ezkertiar eta feministaren aldeko apustua den, komunismoaren eta feminismoaren izaera borrokalaria goraipatuta, ala pentsaera kontserbadorearen apologiatan ari den, bi mugimenduak gaitzetsita. Nolabait ere, gogoeta egiteko abagunea eman dit hausnarketaren ondorioak.
Bestalde, badira komunetako ate eta hormetan betiko irauteko propio eginak ematen duten adierazpen asko, baina litekeena da inork sekula ez betikotzea inongo bainugelatan. Burura etortzen zait, esaterako, Fernando Aramburuk Twitterren bidez zabaldutako Oriana Fallaciren aipua: «Bi faxista mota dago: faxistak eta antifaxistak». Patria eleberri sarituaren egileak aldarrikatu du esakunearen funtsa, liburuan ere islatu duena: zalantzarik gabe komunerako aproposa da. Beste horrenbeste esan genezake hauteskunde kanpainan entzunen, irakurriko —eta, agian, ahopeka edo oihuka errepikatuko— ditugun kontsignez. Gogoan dut eskolarako bidean irakurri dudan Navarra Sumarena: «Etorkizuna, Askatasuna, Eraberritzea, Proiektuak, Balioak, Akordioak, Zurekin». Erabakitzen ari naiz komuneko zer leku izanen litzateke egokiena koalizio nafarraren proposamena partekatzeko. Nonbait, barrenak askatzeko beta eskaini dit leloak; baina nire barne prozesuaren fruitua ez da iraunkorra izanen, ahanzturaren zulo beltzak xurgatuta galduko baita betiko.
LARREPETIT
Komuneko literatura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu