Otsailetik martxora bitartean, KPI kontsumo prezioen indizeak 0,4 puntu egin du gora Hego Euskal Herrian, INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera. Horrela, urte arteko inflazioa %1,5era igo da, aurreko hilabetean baino hamarren bat gorago.
Lurraldez lurralde erreparatuz gero, Gipuzkoak eta Nafarroak izan dute inflaziorik handiena (%1,7 bietan), eta Arabak eta Bizkaiak apalena (%1,4).
Martxoko datua eta egoera ekonomikoa aztertuta, Nafarroako Merkataritza Ganberak ondorioztatu du KPIak 2019an %1,5en inguruan eutsiko diola, «ez dagoelako presio handirik inflazioa gorantz bultzatzeko».
«Soldatak igotzen badira ere, hazkunde ekonomikoa mugatua denez eta inguruan moteltze ekonomikoa denez nagusi, prezioek bere horretan eutsiko diote», azaldu du ohar baten bidez Nafarroako Merkataritza Ganberak.
Igoera apala
Prezioen hilabeteko gorakada batez ere bi faktorek eragin dute: batetik, udaberriko eta udako denboraldiaren hasierak hauspotutako arropen eta oinetakoen garestitzeak —5,3 puntu igo da EAEn; 4,7 puntu Nafarroan—; eta, bestetik, garraioaren prezioen igoerak —0,9 puntu igo da EAEn, eta puntu bat Nafarroan—. Hala ere, hilabetean merkatu egin dira janariaren eta edari ez-alkoholikoen prezioak; baita etxebizitzaren, uraren eta argindarraren gastuak, gasaren eta bestelako erregaienak, eta komunikazioenak ere.
Edozelan ere, urte arteko bilakaerari erreparatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauek garestitu dira gehien: garraioa (+4,5); etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta bestelako erregaiak (+2,6); osasuna (+1,9); eta janariak eta alkohol gabeko edariak (+1,4). Nafarroan, halaber, hauek garestitu dira gehien: garraioa (+4,5); etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta bestelako erregaiak (+2,4); komunikazioak (+1,6); eta edari alkoholdunak eta tabakoa (+1,3).
Hego Euskal Herrian, beraz, urte arteko KPIa otsailetik martxora %1,4tik %1,5era igota, prezioek goranzko joera apalarekin jarraitzen dute, Europako Banku Zentralak ezarrita daukan %2ko inflazio helburutik nabarmen beherago, oraindik ere.
Inflazioa %1,5era igo da, arropak eta garraioa garestitzeagatik
KPIa %1,7 da Gipuzkoan eta Nafarroan, eta %1,4 Araban eta Bizkaian. Nafarroako Ganberak %1,5eko KPIa espero du 2019rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu