nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Justiziarik ez guretzat

2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Beste artikulu bat bidali nuen lehendabizi atzo BERRIAko erredakziora. Baina arratsaldean webgunean sartu eta justiziak euskararen aurka hartutako azken erabakia irakurtzean, sutu egin nintzen. Ez da posible. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du legez kanpokoa dela euskararen ezagutza aintzat hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. Sententziak dio euskara normalizatzeko plana ezin dela lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean.

Zabaldu ditzagun begiak behingoz. Kolonizatuta bizi gara. Konkistatuta. Espainiako erreinuko 17 autonomia-erkidegoetako bat gara. Esaten digute gu bereziak garela, ez garela besteak bezalakoak, baditugula besteek ez dituzten pribilegio eta eskumen batzuk. Baina ez da egia, pixa egiten digute aurpegira EAJ gobernatzera jolasten ari den bitartean.

Lanpostu publiko bat eskuratzeko baldintza euskararen ezagutza izateak enplegu publikorako eskubidea urratzen duela diote epaileek; hemengo epaileek, baldin eta hemen bat badago. Eta euskaraz bizitzeko gure eskubidea? Enplegu publiko horretan herritarrei zerbitzua eskaini behar badiezu, erabiltzaile horien eskubideak ez du deus balio? Kasu honetan, gainera, Uliazpi fundazioak desgaitasunen bat duten pertsonekin egiten du lan. Zer gertatzen da euskaldunekin? Nola komunikatuko dira? Baina lasaitu gaitezen denok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek bere sumindura eta desadostasun irmoena azaldu du eta iragarri du aldundiak helegitea jarriko duela erabaki judizial horren aurrean. Ezetz asmatu non jarri behar den helegitea: Espainiako Auzitegi Gorenean. Tatxan!

Gu lo gaude eta beraiek oldartuta. Gure herria akabatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka, hemengo debeku, hango sententzia; eta berehala erreakzionatzen ez badugu, beranduegi izango da. Antolatu eta borrokatu, horixe da bide bakarra. Inork ez du gure alde justiziarik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.