Samara Velte.
LARREPETIT

Gabeziak

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Duela egun batzuetatik, toki berri bat daukagu etxetik ehun metrora. Baluarteko plaza kendu digute, eta, haren ordez, Konstituzio plaza ipini digute. Enrique Maia alkatearen ustez, «gabezia handia» zeukan Iruñeak orain arte; izan ere, zein hiri klase ginateke, bada, bizirik dagoen biztanleriaren hamarren batek bozkatutako dokumentu bati eskainitako espazio publikorik ez bageneuka?

Francoren alde «eroritakoen» monumentu baten, armadari eskainitako etorbide baten eta dozenaka erlijiosoren izenak daramatzaten kaleen artean, ezin falta zitekeen espainiartasunaren laugarren hankari egindako aipamena: fundamentuzko Konstituzio plaza bat. Eskerrak arazoa konponduta dagoen.

Gune aproposa aukeratu dute, gainera, hala izendatzeko: Konstituzio plaza berria oro har hutsik egon ohi den espazio bat da, haizea dagoenean izugarrizko hotza egiten duena eta eguzkiak jotzen duenean labe gori bihurtzen dena. Norabait joateko trantsitatu ohi dugu gehienok, ez bertan geratzeko.

Egokia izan da, halaber, inaugurazioan parte hartu dutenen zerrenda: Nafarroako eta Espainiako gobernuetako ordezkariez eta parlamentuko alderdi espainolistez gain, bertan ziren armadako komandante bat, Guardia Zibileko agintari bat eta Foruzaingoko zein Udaltzaingoko ordezkari bana. Konstituzioaren defentsak interpelatzen dituen eragileen adibide garbi samarrak, denak ere.

Nigatik, gera daitezke euren plazan eta euren konstituzioan. Bizitza handik 200 metrora dago, Gazteluko plazan: bertan, zabalik dago jada Laba, euskal kulturaren arnasgunetxo berria, iruindarren egongelara begira, hiriaren benetako gabezietako bati erantzuteko asmoz sortu dena.

Hiriaren beste aurpegia da, Maiak nahiago lukeena ez ikusi, baina gero eta ikusgarriago bihurtzen ari dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei.Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.