Samara Velte.
LARREPETIT

Biolentziaz

2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Egunotan biolentziaz hizketan ari garela:14 eta 17 urte arteko hiru neskatik batekindarkeria matxista sufritu du noizbait; laurden batek, biolentzia psikologiko edota kontrol moduan, bikotekideen partetik. Emakundek eta Save the Childrenek nork bere aldetik emandako datuak dira. Hirutik bat. Zintzotasun ariketa bat eginez gero, norbera barnean biltzen duten estatistikak izaten dira halakoak: «Pentsatu zure inguruko bi lagunengan, eta eurak ez badira, zu zara». Edo, beste era batera esanda: hemezortzi neskako kuadrillan, sei. Eta, gure iragana irakurtzean zintzoagoak izango bagina, ziurrenik gehiago.

Haurtzaroko biolentziak identifikatzen hasteak norbere eremu mingarrienean aztarrika aritzea dakar: indarkeria gisara identifikatu ditugun egoerei aurre egiteko tresnak garatzen goaz, baina zer egin orain arte normalizatuta geneukan haurtzaroko oroitzapen batek bat-batean jotzen zaituenean? Galderak errenkadan datoz orduan: ingurukoengandik onartua izateko antsia nerabeak zenbatetan eraman ote gaitu desio ez genituen baiezkoak ematera? Berritasunaren eta jakin-minaren zein mugatan deskubritu ote genituen gustuko ez genituen jokabide eta tratuak, baina ez geneukan aski botererik ezezkoa entzunarazteko? Zenbat egoera deseroso normalizatu genituen, arazoa geurea eta gure inesperientzia zela pentsatuta? Zenbat botere harremanetan uste izan genuen borondate oneko mentore bat topatu izana, egiaz desoreka horrekin eroso sentitzen zen heldu bat zela ikusi gabe?

Biolentzia soilik bihurtzen ote da biolentzia halakotzat identifikatzen dugunean, edo normalizatutakoa eta ikusezin bihurtu duguna ere bada biolentzia?

Gure estatistika kolektiboak eta pertsonalak gurutzatzen diren gune horri begiratzeak min ematen du orain, ustez zer nahi dugun argiago dugun honetan. Zenbat eskertuko genukeen feminismoak helduaroan eskaini dizkigun ikasgaiak DBHn jaso izan bagenitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.