Tentsioa handituz doa Donbassen, Kievek eta Moskuk elkarri egindako akusazioen erdian. Hara tropa gehiago bidali izana leporatu diote elkarri, eta Ukrainako presidente Vladimir Zelenskik esku hartzeko eskatu dio NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari. Zehazki, Jens Stoltenberg idazkari nagusiari adierazi dio hori dela «gerrari amaiera emateko modu bakarra». Hitzok ez dira Moskuren gustukoak izan, eta Errusiako Gobernuaren bozeramaile Dmitri Peskovek zalantzan jarri du Ukrainaren «barne gatazka» konpontzeko lagungarria izatea: «[Donetsk eta Luhansk] Errepubliketako milioika herritarrei galdetuz gero, argi geratuko da NATO eremuan sartzea guztiz onartezina dela».
Aurreko astean, ZelenskikAEBetako presidente Joe Bideni eskatu zion «Errusiak eginiko erasoaren» aurrean laguntzeko. Nahi hori berretsi zuen atzo ere, Mosku ingurua «militarizatzen» eta «nabigazio komertziala» eragozten ari delakoan. Haren esanetan, Errusiak tropak bidali ditu eremu horretara, «eraso ekintzak» prestatzeko, eta horri aurre egiteko beharrezkoa da Ukraina NATOren MAP kide izan nahi duten herrialdeei babesa emateko planean sartzea; «Errusiari seinale argi bat bidaltzeko».
Ukrainaren helburua zera da,NATOrekin batera Itsaso Beltzaren inguruan tropa gehiago zabaltzea: «Presentzia militar hori faktore garrantzitsu bilakatu behar da Errusia eusteko». Izan ere, orain arte Ukrainako armada ez da gai izan Errusia eta Donetskeko eta Luhanskeko miliziak «gerarazteko», armada indartzeko hainbat erreforma egin arren.
Mugaren beste aldetik antzekoak dira kritikak. Errusiako Gobernuak eta Donetskeko eta Luhanskeko agintariek Kievi leporatu diote, besteak beste, tanke eta tropa kopurua handitu izana indar armatuen arteko mugan. Are gehiago, asteburuan jakinarazi zuten Ukrainak arma astunak erabili zituela eremu hartako hainbat herri erasotzeko, eta 5 urteko haur bat hil zutela. Arma horiek debekatuta daude han, 2020ko uztailean Minsken adostutako su-etenaren arabera. Hala, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek «urraketa politikoetatik ekintza militarrak egiteko mehatxuetara» igaro izana egotzi dio Zelenskiren gobernuari.
Kieven akusazioen aurrean, Peskovek eskatu dio «existitzen ez den mehatxurik» ez asmatzeko, eta haiek mugan dituzten militarrak kontrolatzeko: «Ez dugu egoera lasaitzeko asmorik ikusten Ukrainaren aldetik».
Horrez gain, NATOri ere zuzendu zaio Lavrov, eta «etsigarritzat» jo du nazioarteko erakundearen jarrera, Ukraina inguruan egiten ari denaren aurrean izan duen erantzunagatik. Hala, gertatzen dena gertatzen dela Kieven alde jartzea kritikatu dio. Izan ere, AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek Kievi laguntzeko asmoa adierazi zuen herenegun.
Donbassko gatazka 2014ko apirilean lehertu zen, Viktor Janukovitx orduko Ukrainako presidentearen aurkako estatu kolpearen ostean. Donetskeko eta Luhanskeko agintariek bi eremuen independentzia aldarrikatu zuten, Errusiaren babesarekin. Ordutik, 14.000 lagun hil dira eremuan, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. 2015ean, su-eten bat adostu zuten alde guztiek, Minsken, baina egoerak okerrera egin du azken asteetan.
Donbass, tentsiogune
Ukrainak eta Errusiak eremu horretan tropak hedatzea egotzi diote elkarri. Vladimir Zelenskik NATOri eskatu dio gatazkan esku hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu