Euroguneko atzeraldia sakontzen ari dela diote uztaileko lehen datuek

Industriaren gainbehera erakutsi du PMI indize aurreratuak. Pattalaldia gorabehera, EBZk etziko bileran interes tasak igotzea espero da

Langile bat Thyssen Steel taldeko altzairutegi batean, Alemanian. FABIAN STRAUCH / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Datorren astelehenean iritsiko dira euroguneko ekonomiak urteko bigarren hiruhilekoan izan duen portaerari buruzko lehen datu ofizialak, baina ezkortasuna zabaltzen ari da. Ekonomiaren gorabeherak aurreratzen dituen PMI indizean —enpresetako erosketa arduradunen iritzia biltzen du—, adierazi dute egoera ekonomikoak okerrera egin duela uztailean. Gutxigatik bada ere, maila negatiboan zegoen ekainean (49,9), eta gehiago jaitsi da uztailean (48,9); kopururik apalena da azaroaz geroztik, eta analistek espero baino beherago dago. 50ez azpiko kopuruek atzeraldia iragartzen dute.

Eurogunea atzeraldian sartu zen teknikoki urtearen hasieran, aurtengo lehen hiruhilekoan eta iazko azkenekoan %0,1eko uzkurtze bat izan zuelako. Egia da, ordea, atzeraldia ez dela orokorra, eta batez ere Alemaniari (-%0,3) eta Irlandari (-%4,6) dagokiela. Gainera, jakina da barne produktu gordina ez dela Irlandaren jarduera ekonomikoa neurtzeko erakuslerik egokiena, AEBetako multinazional handiek puztutakoa baita. Hain zuzen ere, enpresa horiek jabetza intelektualen etekinak Irlandatik AEBetara eraman izanak eragin zuen urte hasierako hondoratzea.

Baina Eurostaten asteleheneko datuak ematen duen azken kopurua gorabehera, argi dago pattal dabilela euroaren eremuko ekonomia, inflazio handiak dakarren zamaren ondorioz.

Zerbitzuko enpresen PMIak erakusten du indarra galtzen ari dela sektore hori —52tik 51,1era jaitsi da—, baina kezka nagusia industriari buruzkoa dela: 43,4tik42,7ra jaitsi da. Hain apal egon zen azken aldian, Europa konfinatuta zegoen, COVID-19ari aurre egiteko. Datu horrek adierazten du industria ekoizpena gutxitzen ari dela, eskaririk ez dagoelako.

Ekonomia motelari gauza on bat bilatzeko, hori da inflazioaren presioa gutxitzen duela. Ekainean beste koska bat egin zuen behera, %6,1etik %5,5era, eta gero eta urrutiago du urriko datua (%10,6).

Horrek, ordea, nekez mugituko du bere bidetik Europako Banku Zentrala. Etzi du bere azken bilera udako oporren aurretik, eta ia analista guztiek espero dute tasak beste puntu laurden bat igoko dituela, %4,25eraino. Horretarako argudioa da inflazioa oraindik maila horretatik gora dagoela, eta goian jarraitzen duela azpiko inflazioak —elikagai freskoak eta energia aintzat hartzen ez dituena—. PMIk berak dio prezioek gora egin dutela zerbitzuetan eta dendetako apaletan, nahiz eta industriak kobratzen dituenak jaisten hasi diren.

Irailera begira

Uztaileko bileraren emaitza baino gehiago, iraileko bilerarena baldintza dezake PMI indizearen datuak. Azken agerraldietan, Christine Lagarde EBZko presidenteak egintzat jo du uztaileko igoera, baina argitu gabe utzi du irailean zer egingo duten.

Azken hilabeteetan langileek lorturiko soldata igoerengatik eta enpresa askoren irabazi mardulengatik kezka azaldu du banku zentralak, inflazioaren gurpil zoroa elikatzen dutelakoan. Horri erreparatzeko eta interes tasak igotzen jarraitzeko eskatu dute EBZko belatzek, baina jarduera ekonomiko motelak argudioak ematen dizkie usoei interes tasen igoeran etena eskatzeko.

AEBetan ere bilera astea da Fed Erreserba Federalarentzat. Interesak igotzea espero da, baina baita oraingoz azken igoera izango dela iragartzea edo iradokitzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.