«Euskal Herriaren gehiengoaren nahiak egikaritzeko konpromisoa hartzen dugu, eta azaroaren 20an Bilbon beste fase bat irekitzera goaz». EH Bilduren izenean, Olaia Duartek irakurri zuen atzo koalizioak azaroaren 20an manifestazio nazional batera deitzeko egin duen agiria. Koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere hartu zuen hitza, eta hautatutako egunaren esanahi berezia nabarmendu zuen. «Data ez da alferrik hautatua». Hain zuzen ere, lehendik ere ohikoak izan dira azaroaren 20ko mobilizazioak ezker abertzaleak deituta. Justu Franco diktadorearen heriotzaren urtemuga da. «Haustura demokratikorik gabe» amaitu zen aro baten bukaera izan zela oroitarazi zuen atzo Otegik, eta kolpe aski gogorrak hartu dituztela halako egunez. Mobilizazioarekin, atzean utzi nahi dute izurrian bizi izandako hilabeteen iluna ere, eta «zauri emozionalak» osatzen hasteko eguna izatea nahi dute: «Berriro elkartzeko eguna».
1984ko azaroaren 20an, Herri Batasuna HBko buruzagi Santi Brouard hil zuen GALek. 1989ko azaroaren 20an, Espainiako Kongresuan HBk zituen ordezkarien kontra egindako eraso batean, Josu Muguruza hil zuten. «Bidetik apartatu zituzten», oroitarazi zuen atzo Otegik. Horren atzean, gainera, «estatu estrategia bat» egon zela salatu zuen. Horregatik, azaroaren 20ko goizean omenaldi bat egingo diete biei, eta diktaduran zuztartutako portaerak eta egiturak oraindik irmo errotuta daudela salatuko dute: «Hil zen Franco, baina frankismoa ez».
Arratsaldeko manifestazioarekin biribildu nahi dute aldarri eguna. Guztia «maitasun handiz» prestatzen ari direla azaldu zuen Otegik, eta protestaren muina zein izango den nabarmendu zuen: «Euskal Herria nazio bat da, eta errespetatua izan behar du». Bide horretan, beste «agertoki batera» heltzeko bidea landu behar dela defendatu zuen, ezkerrekoak eta independentistak diren eragileak batzea ezinbestekoa dela horretarako, eta Bilbon egin duten protesta aldarri horren inguruan bat datozen guztien topagune izatea nahi dutela.
«Inboluzioaren» aurka
Deia egiteko ondu duten agirian, gogora ekarri dituzte EH Bilduren mezuaren ardatz nagusiak: «Aske eta berdinen Euskal Herria dugu helburu; inboluzioari horma jarri behar diogu horretarako. Datozen hilabeteetan irekitzen zaigun abagunea aprobetxatuz, bermatuak behar ditugun eskubideak aldarrikatuko ditugu: inor ez gehiago, eta inor ez gutxiago». Eraiki nahi duten «nazioaren» ezaugarriak zein diren ere nabarmendu dute: «Nazio librea, justua, feminista, ekologista, antifaxista, antifaxista, euskalduna eta baketsua». Bide horretan, mugarri izatea nahi dute azaroaren 20ko manifestazioa: «Batera abiatuko dugun bidea izango da, berriz elkartuta eta bat eginik, ilusioz eta konprometituta».
EH Bilduko arduradunen ondoan, manifestazioaren «sustatzaile» izateko hautua egin duten herritarren ordezkaritza bat egon zen atzo Bilbon manifestaziora deitzeko egin zuten agerraldian. 11 gizonezko eta emakumezko dira, gizartearen hainbat arlotako jardunaren erakusgarri. EH Bilduk estimu handitan hartu zuen haien konpromisoa, eta Bilbo «mundu berri bat nahi dutenen topagune» izate aldera, guztion ekarpena ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Otegik.