Azkenean, MTorresek 112 langile kaleratuko ditu —horietatik, 62 Dorren, Elortzibarren (Nafarroa) eta beste 48 Murtzian (Espainia)—. Igandean, MTorreseko zuzendaritzak eta CCOOk eta CIGE sindikatuek lan erregulazioko baldintzen inguruan akordioa erdietsi zuten, eta haren edukiaren gainean bozkatu zuten langileek, atzoko batzarrean. Gehiengoak onartu egin zuen adostutakoa: 294 aldeko boto, 80 kontrako boto eta 32 boto zuri izan zen azken emaitza. ELAk salatu du igandeko bilera eurak gabe egin zutela, eta bozketan ez dela bermerik jarri langileek sekretupeko botoa eman zezaten.
Itxuraz, atzera egin du zuzendaritzak. Batetik, hasieran iragarritakoarekin alderatuta, 27 kaleratze gutxiago direlako. Espedientearen baldintzak aldatu egin dira CCOOrekin eta CIGErekin hitzartutako akordioan. Adibidez, lan egindako urteko 33 laneguneko kalte ordaina jasoko dute kaleratuek, gehienez 24 hileko mugarekin. Erretiro aurreratuen kasuan, 60 urtetik gorakoek soldata garbiaren %80 jasoko dute 65 urteak bete arte, eta 59 urtekoek, kopuru bera, baina 63 urteak bete arte. Egiturazko postu batean hutsunea sortuz gero, kaleratuek lehentasuna lukete. Gainera, hitzarmenaren arabera, bederatzi hilabetez euren kasuak jarraipen berezia izango du.
MTorreseko zuzendaritza pozik azaldu da akordioa langileen %70ek babestu dutelako. Kontsulta epea amaituta, hilabete amaierarako indarrean egongo da lan dosierra, eta, zuzendaritzaren arabera, kaltetuei ondorioak «leuntzeko» balioko du. «Langile hauei jakinarazteko orduan errespetu handiz jokatu nahi dugu, eta babesik handiena eman enpresa uzteko orduan».
Carlos Ibañez (CCOO) langileen batzordeko presidentearen arabera, «ezinbesteko baldintza» zen langileek batzarrean akordioa berrestea. Ibañezen arabera, akordioak zuzendaritzaren hasierako proposamena hobetu egin du, eta horien artean nabarmendu du kalte ordainen kopurua handitu dela.
Azken bilera, ELArik gabe
Oso bestela pentsatzen du ELAk. Sindikatuaren arabera, enpresak hasieratik «fede txarra» azaldu du, eta azken unean ere hala jokatu du. Igande arratsaldean MTorresek bilerara deitu zituen sindikatuak, eta ordu bat baino gutxiagoko tartea baino ez zuen eman. ELA ez zen bertaratu, baina gainerakoek bilerarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, sindikatuaren arabera. Era berean, salatu zuen atzoko bozketa enpresaren kontrolpean egin zela, ez baitzien boto sekretua egiten utzi: «Ez da bermatu pertsona guztiek bozkatu ahal izatea, eta prozesu guztia enpresaren esku geratu da».
Enpresak justifikatu du hasieratik aeronautika sektoreak egun duen krisiaren ondorioz izan dela. Alabaina, ELAren arabera, ez da egiturazko arazo bat, testuinguruaren araberako bat baizik. Gogora ekarri du enpresak aurreko urtean 28 milioi euroren dibidenduak banatu zituela akziodunen artean, eta, horregatik, «onartezina» deritzo langileak kaleratzeari. Sindikatuak berretsi zuen ez dituela egiaztatutzat jo espedientea aurkezteko arrazoiak. Horregatik, aurreko astean adierazi bezala, ez du baztertzen auzitara jotzea eta helegite judiziala jartzea.
MTorreseko langile gehienek onartu dute dosierra
CCOO eta CIGE sindikatuek enpresarekin hitzartu dute Nafarroan 62 langile kaleratzea eta urteko 33 laneguneko kalte ordaina jasotzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu