Hamarren gutxi batzuek egin dute aldea. Ostegunean, Nafarroako Gobernuak Espainiakoarekin bezperan hitzartutako defizitaren muga, BPGaren %2,3, ez zitzaion «nahikoa» iruditu Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuari. Bere gobernuak, berriz, %2,6ko muga lotu du Madrilekin, baina beste konpromiso bat ere erdietsi du: aldundiek, «lehen aldiz historian», defizita izateko eskubidea izango dute, zerga bilketaren erorikoak bere aurrekontuetan eragingo duen zuloa zorraren bitartez estali ahal izateko. Azpiazuk nabarmendu zuenez, Iruñeko gobernuaren eskumen propioetako batzuk —errepideak, gizarte laguntzak...—, aldundienak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren barne produktu gordina80.000 milioi euro direnez —Eustaten 2019ko datua—, Eusko Jaurlaritzak 1.800 milioi euroren zuloa egin ahal izango du aurten, eta zor merkatuetara edo bankuetara jo beharko du diru hori lortzeko. Azpiazuk uste du horrekin konpentsatu ahal izango duela zerga bilketaren jaitsieraren zatirik handiena. Lehen aurreikuspen batean, ogasunek iaz baino 3.000 milioi gutxiago jasoko zituztela kalkulatu zuten, baina zulo txikiagoa espero dute orain, 2.000 milioi ingurukoa. Gainontzekoa iazko soberakinarekin estaliko du Gasteizko gobernuak, aurreko bi urteak superabitekin amaitzea lortu baitzuen. Madrilen baimenik ez zuenez, superabit horren zatirik handiena zorra txikitzeko baliatu zuen Gasteizek. 2019 amaieran, esaterako, ia 600 milioiren zorra aldez aurretik ordaindu zuen. Horri esker, zorra BPGaren %12,6ra jaitsi zuen Jaurlaritzak; aurten, %15,9ra igo ahal izango du.
Defizitarekin eta soberakinarekin, gastu publikoari eustea espero du Azpiazuk. «Zerbitzu publikoei eutsi ahal izango diegu, ez ditugu murrizketak egin beharko, eta krisi ekonomikoari behar ditugun baliabideekin egingo diogu aurre». Erabakitakoa izenpetzeko, kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoa elkartuko da iraileko lehen hamabostaldian. Hor erabakiko dute zehazki zer formula baliatu aldundien beharrak betetzeko. Gainera, Madrilek eta Gasteizek hitzartu dute egoera ekonomikoa asko okertuz gero, defizit muga berriak finka ditzatela. Konpromiso hori bera lortu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak.
Goi bilera, Urkullurekin
Azken asteetan behin eta berriro eskatu duen defizit muga berria besapean zuela, Iñigo Urkulluk jarreraz aldatu eta onartu egin zuen Donemiliaga Kukulara joatea, (Errioxa), autonomia erkidegoetako buruen goi bilerara. Han zegoen Txibite, baina ez, ordea, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea.
Pedro Sanchezek antolatu zuen bilera, Europako suspertze funtseko diruaren banaketari buruzko irizpide batzuk jakinarazteko presidente autonomikoei. Azken finean, bere eskutik pasatu beharko dutela EBren dirua nahi duten proiektuek, berak gidatuko duelako hainbat ministerioren artean osatuko duten jarraipen batzordea. Elkarlana eskaini zien erkidegoei funts horiek kudeatzeko, baina baita enpresa pribatuei ere.
Sanchezek gogorarazi zien presidenteei urriaren 15era arteko epea duela Bruselari aurkezteko zer proiektu finantzatu nahi dituen. Printzipioz, 140.000 milioi dagozkio Espainiari, erdia maileguen bidez eta bestea laguntza zuzenaren bitartez. Ekonomia digitalizatzeko eta trantsizio energetikorako planek eramango dute diru gehien.
«Epe estuak» izan arren, Urkulluk agindu zuen abuztuan lan egingo dutela proiektu batzuk aurkezteko. Txibitek, berriz, iragarri zituen dagoeneko badituztela proiektu batzuk.
Jaurlaritzak %2,6ko defizit muga izango du, eta aldundiak zorpetuko dira
Gasteizko gobernuak 1.800 milioi euro inguruko defizita eduki ahal izango du, nahikoa «murrizketarik ez egiteko», Azpiazuren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu