Koronabirusa

Esportazioak %22 jaitsi dira

Martxoan, 520 milioi euro gutxiago esportatu dituzte Hegoaldeko enpresek. Energian eta autogintzan nabaritu dute kolpea gehien

Autoak, Pasaiako portuan, maiatzeko lehenengo astean. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ohi duen moduan, erosi baino gehiago saldu du Hego Euskal Herriak, baita COVID-19aren krisiaren lehengo asteetan ere. Martxoan, 2.352 milioiren esportazioak egin zituzten lau herrialdeetako enpresek. Eta kanpotik ekarritako ondasunek 1.814 milioiren kostua izan zuten. Ondorioz, saldo positiboa izan du Hego Euskal Herriak: kanpoan saldu duena 538 milioi gehiago izan da kanpotik erosi duena baino.

Aurtengo martxoko esportazio datuak iazkoarekin konparatuta, %22 jaitsi dira: 520 milioi gutxiago. Inportazioei dagokienez, %14,2 jaitsi dira: 257 milioi gutxiago.

Atzo ezagutarazi zituzten datuok Espainiako Industria Ministerioak eta Eustatek. Esportazioen kasuan, jaitsierarik handiena autogintzak izan du, eta bereziki Nafarroan: iazko martxoan baino %71,6 gutxiago saldu da kanpoan. Alarma egoera dela-eta ezarritako neurriengatik, sektoreko lantegi askok itxi behar izan zuten martxoko bigarren hamabostaldian.

Hori izan zen Volkswagenek Iruñean duen plantaren kasua. Baita Mercedesek Gasteizen duenarena ere. Araban, sektore horretan %44,8 jaitsi dira salmentak. Beste lurraldeetan ez dago auto ekoizlerik, baina ibilgailuentzako osagaiek industria sektore garrantzitsuena osatzen dute. Hego Euskal Herriko esportazioetan ere berebiziko garrantzia du: BPG barne produktu gordinaren %25 inguru esportatzen dute.

Energiarena da beste sektore garrantzitsu bat esportazioetan; Bizkaian, bereziki: %60,6 jaitsi dira petrolio olio findegien esportazioak, eta %22,1 autogintzarekin loturikoak. Gipuzkoak nabaritu du gutxien esportazioen jaitsiera (%16,6), eta bereziki trenen sektorean izan duen hazkundeagatik izan da hori: % 7,8 handitu ditu salmentak iazko martxokoekin alderatuta.

Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak batez ere Europako Batasuneko (EB) herrialdeetara egin dira: %59,4. Nafarroan pisu handiagoa izan dute Europatik kanpora egindakoek. Iazko martxoko datuekin konparatuta, EBra egindakoak %50,8 jaitsi ziren —%39ko pisua dute guztira—, eta gehitu egin dira Amerikara (%146) eta Asiara (%40,6) egindakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.