EBZ egitekoa zen iraultza txikiak irailera arte itxaron beharko du; baina Mario Draghik gidatzen duen erakundeak garbi utzi du mugarri duela bere bide orrian interes tasak are gehiago jaistea eta pizgarrien politikari «behar bezain besteko denboran eustea». Oraingoz interes tasa guztiek aldaketarik gabe jarraituko dute, bankuei astero uzten dien diruarena (%0), egunekoa (%0,25) eta egun bateko gehiegizko erreserbei dagozkiena (%0,40). Edonola ere, Europako Banku Zentralak atzerako kontua martxan jarri du eurogunean inflazioa hauspotu nahi duen tasen jaitsiera gauzatzeko. Irailaren 12an izango du hurrengo Gobernu Kontseilua, Mario Draghiren azken-aurrekoa, eta hura izango da, seguruenera, zor publikoa erosteko programan sakontzeko erabakia gauzatzen den E eguna.
Merkatu globalen ziurgabetasuna dela eta, ekonomiaren motorra moteldu egin da euroguneko potentziatan, eta interes tasen jaitsiera atzoko espero zutenak ez ziren gutxi. Ez zen gertatu, baina denbora kontua dela berretsi du EBZk; hasteko, 2020. urteko bigarren erdira arte ez du posible ikusten dirua garestitzea; aitzitik, merkatu daitekeela uste du, merkatuak prestatuz uda amaieran iritsiko litzatekeen neurrirako. «Adituen kontseiluak» martxan jarri ditu Draghik, pizgarrien hedapen politikan nola sakondu aztertzeko.
Hasteko, zor publikoen bonuak berrarabiltzeko asmoa dauka EBZk, oraindik epe luze batez, eta interes tasak igotzen hasten direnetik aurrera ere bai. «Likidezia baldintzei eustea» da erakundearen helburua, inflazio txikia dagoelako eurogunean, %2ko helburutik urrun oraindik. «Ez dugu gustukoa ikusten ari garena», esan zuen Draghik, atzo; «ez ditugu onartzen inflazioaren maila txikiak etengabe». EBZko presidenteak esplikatu zuen Gobernu Kontseiluan akordio zabala egon zela egoera ekonomikoaren diagnosia egitean, baina ez hain zabala hartu beharreko neurrien inguruan. Alegia, hedapen politika areagotzearen aurkako presioak badirela EBZren barrruan ere.
Baina Mario Draghik argi dauka «hazkunde globala moteltzen» ari dela, eta nazioarteko merkataritza «ahulagoa» dela, eta horrek eurogunearen hazkunde aurreikuspenak baldintzatzen dituela. Eta, beraz, «behar bezainbesteko denboraz» pizgarriekin jarraitzeko bere konpromisoa ez dago zalantzan, nahiz eta oraingoz ez duen ikusi atzeraldirako arrisku esanguratsurik. Ganorazko kontsumoa eta lan merkatuaren eboluzio egokia lagungarri dira horretan.
Behera, 2011ko azarotik
Europako Banku Zentralak tarte estua dauka, ordea, egoera ekonomikoan eragiteko dituen neurrien eraginkortasuna handitzeko. Krisi Handiaren ostean, interes tasak handitu zituzten munduko beste banku zentral batzuek —tartean, Fed AEBetako erreserba federala—, eta, orain, gehiago eragin dezakete bazterturik ez duten jaitsiera batekin. 2011ko uztailean igo zituen interes tasak EBZk: %0,50etik %75era. Urte hartako azarorako, lehengoratu egin zuen egoera, eta,, ordutik, behera baizik ez ditu eraman diruaren tasak. 2012. urteko uztailean %0ra eraman zuen gordailuen tasa, eta 2014ko ekainean, negatiboan jarri zuen indikatzailea, alegia, bankuen gehiegizko erreserbengatik kobratzen hasi zen. 2016ko martxoaz geroztik, %0n dago bankuak astero birfinantzatzeko operazioen tasa, eta -%0,40ean banku gordailuena.
EBZk irailerako utzi du interes tasak are gehiago jaisteko erabakia
2020. urteko bigarren erdira arte behintzat, ez da garestituko dirua. Pizgarrien politikan sakonduko duela dio: «behar bezainbeste»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu